Euskarazko heziketaren aldeko apustua egiten duten erakundeen aldetik, aztertu beharreko fenomenoa da Lanbide Heziketako maila ezberdinetan hizkuntza eredu bakoitzean garatzen ari den fenomenoa. DBHn eta Batxilergoan D eredua nagusi den moduan, Erdi mailako eta Goi mailako zikloetan A ereduak pisu handia izaten jarraitzen du. 2015-2016 ikasturtetik aurrera tarteko eredu den B eredua ofiziala izaten hasi zenetik, gorunzko igoera pairatzen ari da. Baina bitxia badirudi ere, igoera hori euskara hutsezko D ereduaren eskaintzaren kontura gertatzen ari da. Esan nahi baita D ereduan matrikulatutako ikasle kopurua jaisten ari dela B eredua ezarri denetik. Helburua ikasleak A eredutik B eredura erakartzea bazen ere, oraingoz kontrako efektua gertatzen ari da. Ondoko taulan ondotxo ikusten denez, A ereduak ez baitu jaitsierarik pairatu. Are gehiago, izan duen aldaketa gorunzkoa izan da. Zalantzarik gabe, hezkuntza eta euskara arloko eragileek ondo aztertu beharreko fenomenoa da. Oraindik ere A ereduak pisu handia dauka eskualdeko Lanbide Heziketa zikloetan. Goi mailakoetan, gaur gaurkoz, ikasleek gehien aukeratzen duten eredua da. Eta Erdi mailan, bigarren aukera da.