Final haundia dauka gaur, Iker Salaberria pilotari goizuetarrak. GRAVNIko finala izanen du Gasteizko Ogeta frontoian, Uribe arabarraren kontra, buruz buru. Arratsaldeko 16:00etan izanen da. Aurreko asteburuan, berriz, binakakoaren semifinala jokatu zuen Mariezkurrenarekin, Bizkaiaren kontra, eta 22-16 nagusitu ziren. Hori bai, Mataren ordez ari zen Salaberria, eta beraz, finala ez du goizuetarrak jokatuko, seguruenik.
Gainerakoan, beste bost partidu ere jokatuko dituzte pilotari goizuetarrek, asteburu honetan. Aitor Aizkorbek, Agoitzen jokatuko du gaur, 16:00etan, Arribillagaren kontra. Bihar berriz, Sunbillan ariko da Aizkorbe bera, Julen Alberdiren kontra; eta Antton Apezetxeak, Lorentz Orbegozoren kontra; goizeko 09:00etan hasiko dira partiduak.
Eta Erasunen, azkenik, benjaminak ariko dira, final laurdenetan. Goizeko 10:00etan hasita, Markel Salaberria ariko da aurrena, Igoaren kontra; eta Julen Salaberria gero, Aimar Berozen kontra.