Astigarragako Taldea etxean gaur, aurrenekoz

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 29a, 02:00

Aurten lehen aldiz Astiga­rragako Txirrindu­la­ri­tza taldea arituko da gaur, 16:00etatik aurrera, Txirrin­dagan Txiki lasterketetan. Lehiake­tak bi kategorietan izango dira: alebinak eta infantilak. 16:30etan txirrindularien aurkezpena egingo da, 17:00etan alebinen lasterketa korrituko da, 17:30etan infantilen lasterketa eta 18:15etan sariak banatuko dira. 
Gune nagusia Joseba Ba­ran­diaran plazan egongo da kokatuta eta zirkuitua he­rrian zehar antolatu da. Ale­binak lau itzuli eta infantilak 12 itzuli emango dituzte. Astigarragako Txirrindu­lari­tza ordezkatuz lau txirrindularik parte hartuko dute. Eneko Olveira (11 urte), Unax Aranburu (10 urte), Beñat Otaegi (11 urte) eta Aimar Olasagasti (12 urte) dira Astigarragako Taldeko ordezkariak. 
Alebin mailako lasterketan ariko dira eta beraz lau itzuli eman beharko dituzte. Asti­garragakoa egutegiaren erdi­al­dean dago txertatuta eta oso gustora daude laurak orain arte egindakoarekin. «Lehen­da­biziko aldiz lasterkatuko gara Astigarragan eta lehen aldiz da herriko taldeak parte hartuko duena» diote laurek. 
Lehen herritik irteten zi­ren beste herrietako taldeetara. «Txirrindularitzan hasi nahi zuenak Donosti Berrira joaten ziren» dio Aimar Olasagastik. 
Oso gustora ari dira herriko taldean nahiz eta garaipenik ez lortu. Garrantzitsuena ez baita hori. «Oso txirrindulari onak daude eta postu onetan sailkatu gara, baina ez dugu lasterketarik irabazi».
Ez dute errepidea bakarrik egiten. BTT edo Mendiko Bizi­kletan ere parte hartzen dute. Baita ginkana ere. Gehienek errepidea dute gustokoen, baina Eneko Olveirak mendi bizikletarekiko du hurbiltasun gehien. 

Lehen urtean lasterketa ugaritan hartu dute parte
Lehen urtea dute denek, baina lehenago auzo eta herriko lasterketa txikietan ibiltzen ziren. «Eta datozen urteetan jarraitzeko asmoarekin. Saia­tuko gara Astigarragako Taldea gurekin batera hazi dadila eta horretarako gustatuko litzaiguke lagun gehiago txirrindularitzan hastea. Ge­hie­nek futbolean jokatzen dute».
Hala ere badituzte ezagunak eta lagunak beste taldeetan dabiltzanak. «Martutene­koren bat badabil Donosti Berrin eta herriko bat ere bai. Irunesen ere baditugu ezagunak, nahiz eta ez izan Astigarragakoak». 
Txirrindularitza oso gustoko dute. «Txiki-txikitatik jarraitzen dugu eta hasi ginen bizikletan. Ederki pasatzen dugu lagun artean».
Helduagoak diren astigartar txirrindulariak ezagutzen dituzte. Eta beraien bidea jarraitu nahi dute. Baita noski profesional mailako txirrindulari eta lasterketak. «Zuze­nean joan izan gara ikustera eta telebistatik ere jarraitzen ditugu». «Niri aitonak jartzen dit telebistan» dio  Beñat Otaegik. 
Endika Olveirak begiz jota du mendi bizikleta. «Nik mendi bizikletan nahi dut jarraitu. Lasterketa horietan benetan bikain pasatzen dut».
Datorren urtean DBHra pasako dira Aimar Olasagasti esaterako. «Horregatik ez dakit Astigarragako Taldean jarraitzerik izango dudan». 
Unax Aranburuk dio «laugarren mailakoak apuntatzen badira jarraituko du» bestela beste talde batzutara joan beharko dute eta «guk Astigarragan jarraitu nahi dugu».
Gaurko lasterketan ahalik eta hoberen egiten saiatuko dira eta ilusio berezia egiten die. «Urduri gaude eta herrian barrena ariko gara lau itzuli emanez. Saiatuko gara irabazten, baina Irunes taldekoak oso indartsu datoz eta lasterketa gehienak irabazten dituzte». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!