Ereñotzutik abiatu eta Santiago de Compostelara iritsi, Vespa moto zaharretan osatu zuten Santiago Bidea, Kalezulo koadrilako kideek. Lau eguneko abentura egin zuten, Aste Santua aprobetxatuz; baita ederki aprobetxatu ere: «egun politak pasa ditugu, ederki ibili gara», kontatu diote Kronikari, bueltakoan.
Ostegun Santuan abiatu ziren, «Kalezulotik bertatik!», diote; Carrocerias Elviraren tailerretik, hain justu. Bertan daukate koadrilaren egoitza, eta bertan jarri zituzten moto guztiak puntuan: «ikaragarrizko lana egin dugu motoak prestatzen, aurreko Aste Santuan jo eta su aritu, eta hortik aurrera astebururo astebururo lanean arituz. Bidaiaren astean bertan bukatu genuen azkeneko motoak prestatzen», nabarmendu du Goyok, tailerraren jabeak.
«Esperantza askorik ez geneukan, motoekin Santiagora iristeko...»
Baina dena puntuan jarrita ere, onartzen dute ez zeudela seguru, motoek aguantatuko ote zuten: «esperantza askorik ez geneukan, Santiagora iristeko... Baina ederki aguantatu dute!», dio Goyok berak.
«Eta gehiago ere aguantatuko zuten!», gehitu du Peiok: «egun bakoitzean, kilometro gehiago egitea geneukan, baina lotarako tokiak hartuta geneuzkan eta... Arratsaldeko hiruretarako iritsi, eta zer egingo ote genuen? Ba asko jan eta asko edan!».
«Aurreneko gaua, militarren kuartel izandako ostatu batean pasa genuen!»
Lau etapatan osatu zuten ibilbide osoa; aurrenekoa, Grañon herrian bukatu zuten, Errioxan: «ostatu batean hartuta geneukan tokia lotarako, eta kanpoan ikusi genuen bazuela letrero bat, Cuartel jartzen zuena. Eta itxuragatik, komentatu nien, militarren kuartela izango zela garai batean, eta beraiek ezetz. Jabeari galdetu, eta noski baietz! Litera haietan, militarrek egingo zuten lo, seguru!», dio Peiok barrez.
Bigarren etapa, bertan hasi eta Sahagunen bukatu zuten, Gaztela-Leonen. Ostiral Santua zen, eta prozesioa tokatu zitzaien bertan: «gu poteatzen ari ginen, eta prozesioa pasa zitzaigun ondotik. Eta Goyok zer galdetuko, eta ea trikornioarekin zijoanari eskatuko al genion argazki bat ateratzeko. Benetako Guardia Zibila zen hura! Eta Goyok, ea ez al zen sardinaren ehorzketan bezala, mozorrotuta joaten direla... Eskatu izan bagenio, han egongo ginen oraindik!», kontatu dute barre algara artean.
Dagoeneko, beste plan bat ere badaukate buruan, asteburu baterako: «Asturiasera joan, sagardotegian afaldu, eta hurrengo egunean buelta!».
Motoekin arazo bakarra, Ponferradan
Hirugarren etaparekin, berriz, Ponferradara iritsi ziren. Eta bertan izan zuten, motoekin arazo bakarra. Vespa batek ezin izan zuen jarraitu, baina ordezko bat eraman zuten, badaezpada ere: «bederatzi joan ginen moto gainean, eta furgoneta bat zijoan gurekin, beste moto batekin. Horrekin ordezkatu genuen, ez aurrera eta ez atzera geratu zen motoa, eta ondo iritsi ginen Santiagora», kontatu dute.
Beste arazo txikiagoak ere izan zituzten, baina baita konpondu ere: «gasolinaren tuboa gaizki zegoela eta, ederki astindu genituen ipurdi eta gerriak, motoa mugitu eta gasolina eta olioa nahasteko!».
«Peioren motoak zeukan meritua!», dio Bonik, haren anaiak: «moto txikiena zen, eta atton haundiena!».
Eta Peiok erantzun: «bai, baina turista guztiek nahi zuten nire motoarekin argazkia, politena da eta!».
Asko baitziren, motoei begira geratzen zirenak, toki guztietan; eta baita argazkiak ateratzen zizkietenak ere.
Borobiltzeko, mariskada!
Igandean, laugarren etaparekin, iritsi ziren Santiagora. Eta baita ederki ospatu ere! Mariskada eder bat egin zuten, bidaia borobiltzeko: «ederki jaten da Galizian!», dio Goyok.
Berari, hain justu, opari berezi bat egin zioten koadrilako guztiek han: egurrean tailatutako Vespa moto bat, plaka batekin, motoak prestatzen egindako lan guztia eskertzeko.
Furgonetan egin zuten bueltako bidea, motoak karroan kargatuta. Eta dagoeneko, jarri ziren etorkizunera begira: «kostaldetik bueltatu ginen, eta komentatu genuen, hurrengoan kostako bidetik egin behar dugula Santiago Bidea». Motzago bat ere badaukate buruan, asteburu baterako: «Asturiasera joan, sagardotegian afaldu, eta hurrengo egunean buelta!». Laster izango dira berriro, moto gainean!