Herriko mugikortasun eta irisgarritasun arazoak hobetzea da Astigarragako Udal Gobernuaren helburuetako bat. Eta horren bueltan, egitasmo berriak garatzen jarraitzen duela azaldu du.
Horietako bat egiteari ekin dio orain: «eguzki-farolak kokatzen ari da Udala Santiomendiko auzoan», jakinarazi du.
Aurreneko fasea, orain
«7 argi-puntu jarri dira oraingoz Santiomendiko auzoan dauden ikuspen gutxiko bideetan eta, horrez gain, eguzki-farolak kokatzeko 7 puntu berri aztertzen ari da Udala», adierazi du prentsa-ohar bitartez.
Horrela, bada, «3 puntu jarri dira Artola eta Arraspine arteko bidean, eta beste 4 Guardi-Larrabide artean».
Gainera, beste 7 puntu aztertze-fasean daude, eta laster jarriko direlakoan dago Udala. Hain zuzen, «4 argi-puntu kokatuko dira Gurutzeta-Miñegi eremuan eta 3, Loltza bidean».
Argi puntu horiek guztiak eguzki-farola autonomo bidez jarri dira, bere funtzionamendurako elektrizitatea behar ez dutenak, izan ere, «sare elektrikoa oso urruti dago». Horiek, «egunean zehar eguzkiaren argiaz hornitzen dira gauez argia eman ahal izateko, eta programatuta daude neguan ere argia emateko, nahiz eta iluntasun ordu gehiago egon».
Helburua, argiztatzea auzoko bidegurutze arriskutsuak
Udalak azaldu duenez, «helburua da bidegurutze arriskutsuetan eta ikuspen gutxiko bideetan argia ematea, batez ere, baserri agrupazioak dauden eremuetan». yy