Proposamenak landu eta aurkezteko garaia, 2018ko aurrekontuan sartzeko

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 29a, 02:00

Laugarren urtez jarri du mar­txan Hernaniko Udalak, Era­ba­ki Hernani prozesu partehar­tzailea; datorren urteko udal aurrekontuan, 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko.
Aste honetan ekin diote aurreneko faseari; proposamenak egiteko epeari, hain zuzen ere. 2018an txertatzeko moduko zerbait ikusten badute herritarrek, orain daukate proposa­tze­ko aukera, maiatzaren 14ra bitarte.

Proposamenak egiteko, zenbait bide aukeran
Horretarako, bide ezberdinak izango dituzte herritarrek, au­keran. Batetik, udal eraikinetan dauzkate buzoiak, proposamenak bertan uzteko: udaletxean, Biterin, kiroldegian, Goiz Eguzkin, Institutuan, Udal Euskaltegian, Plaza Feminis­tan, Beterrin eta Sandiusterrin; eta baita auzoetako erreferen­tziazko puntuetan ere. Beste aukera bat, internet bidez egitea da, erabaki.hernani.eus web orrian. Bertan aurkituko dute, gainera, prozesuari buruzko informazio guztia.
Eta hirugarren bidea, auzoz auzoko bilerak dira. Hiru egin dituzte aste honetan, eta beste sei egingo dituzte datozen egunetan; hurrengo biak, Florida-Etxeberrin asteazkenean, eta Lizeagan ostegunean, biak ere 19:00etan. Horietan ere jasoko dituzte proposamenak.

Proposamenak egiteko, adin mugarik ez
Gogorarazi dute, he­rri­tar bat, talde bat edo elkarte bat izan daitekeela, proposame­nak egiten dituena; eta ba­koitzak, nahi adina proposamen egin ditzakeela. Adin mugarik ere ez dago, proposamenak aurkez­teko, baina proposamenaren kostuan bai: 500.000 euroko partida den arren, proposamen bakoitzak ezingo du 166.000 euro baino gehiagokoa izan.
Proposamenak jaso ondoren, lehenesteko fasea
Aurreneko fasea bukatutakoan, jasotako proposamen guztiak aurkeztuko dituzte udaletxean, maiatzaren 18an, 19:00etan.
Eta berehala, bigarren faseari helduko diote, proposamenak lehenesteari. Aurten, no­be­­dade bezala, balorazio teknikoak egin aurretik lehenetsiko dira proposamenak.
Maiatzaren 29an ekingo diote bigarren fase horri, eta ekainaren 11ra arte luzatuko da; eta udara partean, ekainetik irailera bitarte, egingo di­tuzte proiektuen balorazio teknikoak, udal langileek. 

PROPOSAMENAK EGITEA: Maiatzaren 14ra arte epea

- Auzoz auzoko bilerak:
Maiatzak 3, Florida-Etxeberrin, 19:00etan.
Maiatzak 4, Lizeagan, 19:00etan.
Maiatzak 8, Portun, 19:00etan.
Maiatzak 10, Karabelen, 19:00etan.
Maiatzak 11, Antziolan (Haur Eskolan), 19:00etan.
Maiatzak 12, Latsunbeberrin, 19:00etan.

- Proposamenak internet bidez egiteko: erabaki.hernani.eus

- Buzoiak: Biterin, udaletxean, kiroldegian, Goiz Eguzkin, Institutuan, Udal Euskaltegian, Plaza Feministan, Beterrin, Sandiusterrin, eta auzoetako erreferen­tziazko guneetan.

 

 

Ixiar Egiguren, Tomas Elorza, Aritz Lujanbio eta Mikel Olabide

«Partehartze ariketa garrantzitsua da, balio duena hernaniarrek hausnartzeko herriaren beharretaz»

Joan den urteko Erabaki Hernani prozesuan, aurrekontuan txertatuko zen proposamena landu zuten Ixiar Egigurenek eta Tomas Elorzak: «erraza da proposamenak egitea, ikusten diren premien inguruan; animatu!».

Erabaki Hernani prozesuan parte hartu, eta proposamenak aurkeztera animatu nahi izan dituzte herritar guztiak, Ixiar Egigurenek, Tomas Elortzak, Aritz Lujanbiok eta Mikel Ola­bi­dek: «erraza da proposamenak aurkeztea; proiektu zeha­tzak eta xeheak izaten dira, eta egin behar dena da, azaldu zer eskatzen den, eta horretarako arrazoiak eman. Gu ez ginen diru kontuetan sartu, hori udal teknikariek baloratzen dute gero», azaldu dute.
Izan ere, joan den urtean aurkeztu zuten proposamen bat Egigurenek eta Elortzak, Amher elkartearen eskutik, Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6 mailetako haur etorkinei la­gun­tzeko, etxekolanekin eta euskerarekin. Ba aukeratuetako bat izan zen proposamen hori, eta dagoeneko martxan da, otsailetik: Lujanbiok eta Ola­bi­dek ematen dizkiete saioak 12 haur eta gazteri, lau taldetan banatuta; bakoitzak, bi orduko laguntza izaten du astean.

«Behar bat ikusi genuen, eta prozesura aurkeztu»
Azaldu dute, behar bat ikusi zutela haur etorkinetan, zailtasun berezi bat dutelako ikasketetan, hizkuntza tarteko; eta etxean ere ez daukatelako la­guntza hori jasotzerik: «horregatik, prozesura aurkeztu ge­nu­en. Gauza asko, udaletxetik ez dira ikusten, herritarrok ikusten ditugu. Eta horiek azaleratu egin behar dira. Erabaki Hernani prozesua, partehartze ariketa garrantzitsua da, serio hartzen bada. Eta balio du, he­rritarrek, auzoek, elkarteek eta taldeek, hausnartzeko herriko beharrei buruz».
Beraien kasuan, prozesura aurkezteak balio izan du pro­iektua martxan jartzeko, eta nabaritu dute, «aurrera egiten dutela haurrek, ohitura hartu dutela etxekolanak egiteko. Eta gustura etortzen dira. Gainera, integratzeko bide ona da, aisi­al­dirako dauzkaten aukerak ere azaldu eta proposa­tzen dizkiegulako», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!