Larre Gain eta Petritegi aurrez aurre, finalean

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 29a, 02:00

VII Sagardoaren Txapel­ketako finala gaur jokatuko da Galarretan. Aurrez aurre izango dira Larre Gain eta Petritegi sagardotegiak. Larre Gainen izenean Urriza eta Azpiroz faboritoak jokatzen dute eta Petritegirenean Otaegi eta Ion azpeitiarrek. Txapelketaren lehen fasean biak lehendabiziko postuan geratu ziren eta finalerdietan ere, hori bai larri, finalerako pausoa eman zuten. 
Urrizak eta Ionek daramate bikoteen pisua, baina Azpiroz eta Otaegiren lana goraipatzekoa izan da txapelketa guztian zehar. Azpirozek pelota gutxi galtzen ditu, eta Otaegik Ezkurra bera ere estu hartu zuen finalerdian. Azken partiduan emango dute maila.
Urriza txapeldun haundia da, baina lehenengo aldiz iritsi da finalera eta gogo askorekin dago: «udaberria ez da nire garai hoberena baina aurten ondo nago». Otaegi gazteak bere lehen finala jokatuko du gaur: «ez nuen espero finaleraino iristea. Orain azken pausoa falta zaigu bikote faboritoaren aurka». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!