Indarra da Maider Altuna Lertxundi hernaniarrak belar hockeyan daukan abilezia nabarmenena. Hala erakusten du Erregina Kopan eman dioten penalti-kornerreko jaurtiketa azkarrenari sariak; 140km orduko abiadura hartu zuen pelotak.
Brontzea lortu du talde txuri-urdinak Erregina Kopan, eta Liga bukaerarako indarra eman dio horrek taldeari. Bihar, 11:00etan, Deportivo Terrassaren kontra jokatuko dute azken partidua, Les Pedritxes zelaian, eta irabazi eta final fourrak etxean jokatzea daukate, helburu.
Azken urteetan Reala jaitsi egin da zertxobait sailkapenean, baina aurten ondo ari zarete. Helburuak lortzen ari zarete?
2013an irabazi egin genuen Liga. Ordutik, bi final four jokatu ditugu, nahiz eta hirugarren egin eta ez pasa finalera. Aurten, berriz, gazte asko dauzkagu taldean, eta tablan ez gaude oso ondo, baina giro ona nabaria da. Azken partidu hau ere irabazi eta Club Egarak galtzen badu, laugarren egin, eta play offa etxean jokatuko dugu datorren asteburuan.
Erregina Kopako brontzeak laguntzen du azken txanpan?
Koparen ondoren oso pozik gaude, eta gure helburua bihurtu zen azken lau partiduak irabaztea, final fourra etxean jokatzeko. Poloren kontra irabazi genuen, Madrilen Pozueloren kontra ere bai, eta baita Atletic Terrasaren kontra ere. Biharkoa, Deportivo Terrassaren kontra, zaila izango da, baina ea lortzen dugun! Erregina Kopan ere oso ondo jokatu genuen. Club de Camporen kontra oso ondo aritu ginen finalerdian, nahiz eta ez irabazi. Hirugarren postua ere oso ona izan da!
«Azkartasuna eta jokatzeko erraztasuna behar dira hockeyan»
Sari bat ere eman dizute! Indarra al da zure abileziarik nabarmenena?
Ez nuen espero... Aurreneko aldia da horrelako sari bat ematen dutena! Baina bai, egia da pelotarekin indarra daukadala; 140km orduko hartu zituen, penalti-kornerreko jaurtiketan.
Ezaugarri horiek dituen jokalaririk badaukazu eredu?
Azkartasuna behar da belar hockeyan; futbolean aritzeko ere bai, baina hau azkarragoa da. Fisikoki oso ondo egon behar duzu. Azkartasuna eta jokatzeko erraztasuna behar dira; teknikoki oso ona ez izanda ere, bi ezaugarri horiekin nahikoa da. Horretan Holandako ekipoa da onena. Horko hainbat jokalari gustatzen zaizkit. Espainiako Selekzioarekin jokatu nuen 13 urte nituenetik 21 urtera arte. Oso polita izan zen; Europeoa, Mundiala ere jokatu genuen... Eta Holandaren kontra aritzea ikaragarria izan zen! Espainiako Selekzioak oso teknika ona daukala esaten dute denek, baina fisikoki ez gara hain ondo ibiltzen. Holandak ez dakit nola egiten duen! Baina oso polita izan da beste selekzioen kontra jokatzea, leku berriak ezagutzea... Eta sub21etan errekorra egin genuen, bosgarren gelditzea lortuta. Aurten berriro gainditu dute errekorra, 4garren eginda. Gero, absolututara pasatzean, sakrifizio haundia zela eta, uko egin nion.
Sakrifizioa... Zaila da lana eta kirola uztartzea? Emakumeen kirola izateak egiten du zailago?
Ez dut uste neska eta mutilen arteko diferentzia haundirik dagoenik. Kontua da, aurrenekoz konbokatu nindutenean 17 urte neuzkala, eta orduan bai, ikasten ari nintzen eta moldatu nintekeen. Baina selekzioarekin, konpetizio guztiak udaran izaten dira, eta urte guztia entrenatzen, ikasten, tope ibili ondoren, udara lasai hartu nahi nuen, lagunekin egon... Nekatuta nengoen, saturatuta. Kontzentrazioan astebe egin, etorri, bi egun egin eta berriro martxa! Asko gustatzen zait eta tristea da, baina ezin naiz hockeyaz bizi. Hau ez da betirako. Realan jarraitzen dut, baina lana eta hockeya uztartzea ere ez da erraza. Erizaina naiz, eta txandatan egiten dut lan; aste batzuetan ezin izaten dut entrenatu, eta lautan entrenatzen dugu!
«Gure helburua da harrobia lortzea, Realean jokatzeko»
Jarraitu egiten duzu, bai, baina nola hasi zinen belar hockeyan? Ez da oso ezaguna gaztetxoen artean...
Donostian oso ohikoa da! Txikitan hara joan nintzen ikastera, Santo Tomas Lizeora, eta 8 urterekin, futbola, saskibaloia edo hockeya genituen aukeran. Ahizpak hockeya egiten zuen, eta ni ere, halaxe hasi nintzen. Bera orain Milanen bizi da, eta lanean tope badabil ere, geldirik egon ezin duen horietakoa da, eta jarraitzen du jokatzen, Italiako Ligan.
Eskola kiroletik Realerako saltoa, nola egiten da?
Eskolan, jubeniletara arte ibil zaitezke, eta gero, Reala dago. Real Bn hasi, eta muturra sartu nuen pixkanaka. Urte asko egin nituen bankilloan, 13 urterekin debutatu arte. Minutu batzuk jokatzen nituen orduan. Titular jokatzen duela 5 urte hasi nintzen.
Liga irabazitakoak zarete, eta sailkapenean fin ibiliak. Nola dago orain taldea?
Orain arte adin tarte haundia zegoen jokalarien artean, fitxaje argentinar asko zegoelako. Aurten harrobitik hartu da jendea. Beste birekin ari naiz Real eskola bultzatzen. Orain 3 urte 20 neskarekin hasi ginen, eta orain 80 gara! Gure helburua da harrobia lortzea, Realean jokatzeko. Falta dena, zelaia da. Gipuzkoako talde guztiek bakarra daukagu. Zubietako belodromoan egingo omen dute berria, aurten; ea egia den!