Sagardoaren Museo berria sortzeko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk duela aste batzuk, eta EAJren erantzuna jaso zuen aurreko astean. Hori ikusita, EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo: «ulertzen dugu EH Bilduk egiten dituen proposamenak guztien gustukoak ez izatea. Kritikara irekita gaude. Baina kritikatik, mespretxura eta gezurretara salto egiten denean, erantzun beharra dago».
Gainera, argi diote: «EAJk berriz erakutsi du, udal gobernutik duen lan bakarra, EH Bildu kolpatzea dela».
Adierazpenei, erantzuna
EH Bilduko ordezkariek, EAJk prentsan argitaratutako zortzi baieztapenei erantzun nahi izan diete.
Aurrenekoa: duela bi legealdi ondasun truke bat proposatu zion Udalak Fundazioari. Horren aurrean azaldu zuten: «2008ko Udala (EAJ-H1!), Fundazioa ezkutuan likidatzen saiatu zen». Ondasun-trukearen hitzarmenari dagokionez, «irregulartasun nabarmenak ikusirik, apaizak eta Fundazioko beste bi kideek desadostasuna aurkeztu zuten Udalean. Fundazioa aurka zegoela jakinda ere, kasurik egin ez eta hitzarmena aho batez onartu zuten».
Bigarrena: EH Bilduren helburu bakarra, gobernuaren, Fundazioaren eta herritarren artean krispazioa sortzea da. Horren harira diote: «krispazioa nahi duen bakarra EAJ da, bestela ulertezina da bere prentsa-oharra. EH Bilduko bozeramailea Alkatearekin bildu zen apirilaren 10ean proposamena azaltzeko ostean. EH Bilduk gai honen inguruan adostasuna lortzeko beharra adieraziz eta proposamena aztertzeko tarte zabala utziz ere. Hurrengoa, EAJren labankada izan da».
Izan ere, «herrian iskanbilak saihesteko, EH Bilduk azken erabakia beti herritarren esku uztea planteatu du. Aipagarria da, EAJk herritarren parte-hartze aipatu ere ez egitea».
Ildo horretatik, azaldu dute EAJk aurretik aurkeztutako Plan Bereziaren kontra egin duten herritarren taldeekin eta Fundazioarekin berarekin dagoeneko bildu direla: «gehienek, denak ez esateagatik, begi onez hartu dute proposamena. Ez orain irizpidez aldatu dutelako, baizik eta EH Bilduren proposamena eta EAJren Plan Bereziak aurreikusten zutena erabat desberdinak direlako eta oraingoan, oinarrian, herritarren parte-hartzea eta erabakia dagoelako».
Hirugarrena: Mikel Goenagari ez zitzaion ondo iruditzen Sagardoetxea bertan kokatzea. EH Bilduren ustetan, «onartezina, etikoki gaitzesgarria eta oso gustu txarrekoa da hildako baten aipamena interes politiko partikularrak defendatzeko erabiltzea».
Laugarrena: mugikortasun arazoak sortuko lituzke, beharrezkoa litzateke aparkaleku bat. Oposizioko ordezkarien arabera, «EH Bilduk ez du aparkaleku beharrik ikusten baina aztertzera irekita dago, betiere, aparkalekua bizilagunentzat eta bizilagunen beharren azterketa baten ondorio bada». Dena den, beraien ustez, «Sagardoetxearen bisitariak, herritik kanpo (poligonoetan) aparkatu beharko lukete».
Bosgarrena: EH Bildu oso baikorra izan da diru kalkuluetan. Beraiek diote ezetz: «Uste dugu zifra oso zuhurra dela eta eskura ditugun datuen arabera merkeagoa ere egin daitekeela. EAJren zenbakiak non daude?».
Seigarrena: finantzaketa pribatua ez dute aztertu ere egin; ez dute proposamena Aldundiarekin edo Jaurlaritzarekin egiaztatu; proiektua ez dago ondo planteatua. EH Bildu oposizioan dagoela baieztatzen dute beraiek, eta beraz, hori EAJren lana dela.
Zazpigarrena: landu gabeko eta inprobisatutako makro proiektuak aurkezten ditu. Beraiek, ordea, diote, «arduraz, leial eta herritarrekin batera aritu gara. Fundazioarekin, Sagarduneko eta Sagardunetik kanpo dauden elkarteekin, Alkatearekin eta herritarrekin bilduaz osatu dugu proposamena».
Zortzigarrena: azterketa serioa egingo du EAJk Sagardoetxearen etorkizun aukerak ezagutzeko. Lan hori aurreko legegintzaldian egin zela dio EH Bilduk, eta kokapena eta finantziazioa zehaztea bakarrik falta dela. Horretarako akordiorako prestutasuna azaldu du: «EAJren proposamena entzuteko prestutasuna mantentzen du, baita adostasuna lortzeko ere. Baina ez dirua alferrik xahutzen. Ezta herritarren parte-hartzea mugatzen ere». Baina, eskaera bat luzatu dute: «argitzeko lehenengo galdera da: non kokatu behar du EAJk Sagardoetxea?».
Proposamenaren aurkezpena, ostegunean
Herritarrei aurkeztu nahi diete EH Bilduren alternatiba zein den, horretarako, batzarra deitu dute. Ostegunean izango da, arratsaldeko 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.