Bi proiektu jarri ziren aukeran, atletismo pista ondoko haur parkea estaltzeko, eta herritarrek, boto bidez egin dute aukera; 136 boto jaso ditu Gailur guztien oinarrizko kanpamendu izenekoak, eta 92, Zuhaitzen artean proiektuak.
Haur parke bat estaltzeko proposamena herritarrek egin eta aukeratu zuten, 2014ko Hernani Erabaki parte-hartze prozesuan.
Haur parkea estali eta ingurua egokitu
Hernani Erabaki prozesuan herritarrek aukeratutako proiektu hau egiteko, Udalak ideia-lehiaketa jarri zuen martxan, hain zuzen, haur parkea estaltzeko proposamenak jasotzeko.
Epaimahaiak bi proiektu lehenetsi zituen, eta herritarrei eman zien bien artean bozkatzeko aukera. Hauek, Gailur guztien oinarrizko kanpamendu proiketua aukeratu dute.
Bertan, «elkartzeko eta esperientzia berriak bizitzeko kanpamendua» proposatzen da. «Naturarekin bat egiteko pentsatua dagoen azpiegitura egingo da», proiektuan azaltzen denaren arabera. Hodi metalikoak eta ehuna nahastuta egingo da; egitura metalikoa aurrefabrikatua izango da, eta hiruki formakoa. Bertan tenkatuko den ehunak babestuko ditu parkeko erabiltzaileak, haize eta euriarengandik.
Era berean, lehendik ere badauden ibilbideak mantenduko dira, herritarren joan-etorriak ahalbidetzeko, eta berdegune eta landaredia indartu egingo da. Berriak ere sortuko dira, eta eseritzeko eta patsadan egoteko eserleku berriak sortzeko aukera sortuko da horrela.
Hurrengo pausuak, proiektua idaztetik hastea
Hernani Erabaki prozesu partehartzaileetan 120.000 euroko aurrekontua jarri zen proiektu honetarako, eta ondoren, Udalak 260.000 eurora igo zuen. Guztira, 219.995,68 euroko aurrekontua izango du proiektuak; 115.450,16 euro parkea estaltzeko, eta 104.545,52 euro ingurua egokitzeko. Orain, proiektua idatzi, kontratazioa martxan jarri eta beste hainbat lan egingo dira, obra hasi aurretik.