Astearteko Plenoa Orain Hernaniko zinegotzi berriaren kargu hartzearekin hasi zen; Nora Reyk hartu zuen, otsailean David Guiradok utzitako lekua, eta ongietorria egin zioten alderdi politiko guztiek. Horrekin lotuta, batzorde informatzaileen osaketa berritu zen.
Hurrengo puntuetan, berriz, 2016ko aurrekontua likidatzean 2.674.095 euroko gerakina izan dela jakinarazi zuen Isa Sanchez Ogasun zinegotziak, eta horiek zertara bideratu erabaki zen.
Gerakinaren %75 inbertsioetara, %19 gastu arruntera, %4 ondarera eta %2 pertsonalera
2016an, «diru sarrera eta gastu errealen aurreikuspena bete» dela azaldu zuen Isa Sanchezek; «2016a 2015aren alderatuta, sarrerak ia berdin mantendu dira, eta gastuak zertxobait aurreztu». Horrela, eta «2016ko abenduan Udalak zeukan altxorkaria eta kobratzeko geratzen zaiona gehituta, eta aldiz, ordaintzeke dauden fakturak, oraindik ejekutatzeko dauden partiden kopurua (7.035.000 euro) eta Diputazioak kupoa ordaintzeko gordetzeko eskatzen duen kopurua kenduta, gerakina 2.674.095 eurokoa da; Ereñotzu entitatearena 72.000 eurokoa, eta Zerbitzu Sozialetakoa, 100.000 eurokoa».
Hori guztia zertara bideratu proposatu zuen EH Bilduk. Inbertsioetan aipatu zituen partidak haunditu eta berriak sortzea Emakumeen Etxea egokitzeko, Karabel auzoko urbanizaziorako, zerbitzuetako ibilgailu eta makinaria berritzeko, Lizeaga 3.0 proiektua martxan jartzeko, oinezko bideetan eta udal eraikin eta landetan inbertsioak egiteko, edota proiektu berri batzuk idazteko (Urbieta peatonalizatu, Sandiusterri egokitu...).
Gastu arrunta, pertsonala eta ondareari dagokionez, berriz, besteak beste proposatu zuen industria poligonoetan hondakinak biltzeko proiektua egitea, hainbat arlotan parte-hartzea bultzatzeko partida haunditzea eta Fagollagako presa eskuratzea, energia berriztagarria lortzeko.
Oposizioak kontra bozkatu zuen, bereziki, azalpen faltagatik. EH Bildutik, berriz, alkateak erantzuen zuen «aurreikuspena» zela hau guztia, eta «landu heinean batzordeetara eta Plenoetara eramango» direla.
Kale garbiketa, Laiztiaga, Karabel eta Iturmendin ere
Bestalde, kale garbiketa zerbitzuaren kontratua urtebetez luzatzea onartu zuten EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk, eta baita ere Karabel, Iturmendi eta Laiztiaga auzoetara zabaltzea. Orain Hernani kontra azaldu zen, «hiru auzoetara zabaltzea beharrezkoa dela ulertu arren, zerbitzu hau Udalak bere gain hartzeko saiakera» egin behar duela uste duelako.
Azken puntuan, berriz, Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen «Udal legea onartu ondoren, oposizioak lehen indarra liberatzeko aukera» daukala, eta apirilean indarrean sartu dela EAJ-PNVtik Andoni Amonarraiz liberatzea, «urteko 36.400 euroko soldata gordinarekin».
«Herri lasai eta osasuntsua»
Galdera eta erreguen tartean, bukatzeko, herritar batek galdetu zuen neurririk hartuko ote den abiadura arauak errespetatu edota zebrabideak jartzeko, «herri lasai eta osasuntsuagoa izateko».
EAJtik, berriz, Amonarraizek herriko hainbat punturen egoeraren berri eman zuen, neurriak hartzeko eskatzeko, eta PSE-EEko Ricardo Crespok igerilekuko obren egoeraren berri jakin nahi izan zuen.