Euskera eta historia ardatz hartuta, Dobera Euskara Elkarteak eta Hernani Errotzenek antolatzen duten hirugarren hitzaldia izango da gaurkoa; Luis Mari Zaldua filologo eta onomastikariak emango du, 19:00etan Biterin, eta euskalduntze berantiarraz ariko da: Euskalduntze berantiarra, egia ala gezurra? Moderatzaile lanetan Eñaut Agirre ariko da.
Toponimietan ote, giltza?
Hitzaldia bost zatitan banatuko du Zalduak. Aurrena azalduko du zer den euskalduntze berantiarraren teoria. Gero, teoria hau noiz, noren bidez eta zergatik sortu zen. Segidan, bestelako datuak emango ditu, gaia ulertzen laguntzeko. Jarraian, azalduko du teoria honek Iruña-Veleiako auziarekin lukeen balizko lotura. Eta bukatzeko, teoria honek bere Doktoretza Tesiarekin daukan loturaren berri emango du.
Zalduak Urumeako Zilegimendietako Toponimiari buruz egin zuen Doktoretza Tesia, eta hain zuzen, «toponimia euskeraren historia aztertzeko erabiltzen» dela dio. Gaurko hitzaldiaren aurkezpenean azaldu zuen moduan, «badaude toponimo batzuk bereziki interesanteak direnak, eta euskeraren historia ikertzeko toponimo emankorrenak, aberatsenak eta onenak dira euskal jatorria ez dutenak».
Horien artean, bitxikeriak ere aurkitu daitezke; gaurkoan, Hernani izenaren inguruan sorpresa bat emango du.