Gipuzkoako Foru Aldundiko Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak koordinatzen duen Oroimena Bizigune proiektua jarriko dute martxan maiatzean, eta bertan parte hartuko du Udalak.
Astigarragarekin batera, lanean ari dira Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietako Udalak. Proiektuaren barruan, ertako 18 eta 23 urte bitarteko gazteekin egingo dituzte tailerrak datozen maiatzaren 19, 20 eta 21ean.
Antolatzaileek azaldu dute adin-tarte hori aukeratzea ez dela nolanahikoa izan: «Euskadin gertatutako indarkeria gertaerak gutxien eragin dien belaunaldia baita».
Sentsibilizazioa, helburu
Oroimena Bizigune proiektuaren oinarrian dago, adierazi dutenaren arabera, 2015eko abenduan Errenterian burututako esperientzia-pilotua. Diotenez, «oso esperientzia interesgarria» izan zela, eta beraz, esperientzia errepikatzea erabaki dutela.
Horrela, beraz, erakundeak azaldu duenez, «proiektuaren helburua da herritarrak indarkeriaren inguruan sentsibilizatzea, memoria eta oroimenaren kontaketa kolektiboak osatuz». Horrez gain, eta «hortik abiatuta, bakearen kultura sendotu nahi da, eta aldi berean, Euskadiko bizikidetzako oinarriak finkatu».
Tailerrak eta egonaldiak
Hiru egunetan zehar egingo dute proiektua, maiatzaren 19, 20 eta 21ean: «egitasmoak elkarrizketa eta hausnarketa tailerrak izango ditu, ondoren ikusentzunezko ekimen bat aurrera eraman ahal izateko». Hernanin izango dira tailerrak, 19an arratsaldez eta 20an egun osoan zehar. 20ko gaua Santiagomendiko aterpetxean egingo dute.
Sei astigartar, partehartzaile
Proiekturako, 18 eta 23 urte bitarteko sei astigartar gonbidatu ditu Udalak, hiru neska eta hiru mutil. Izena emateko: 943 33 52 40 edo alkatetza@astigarraga.eus.