Apirileko Plenorako ohiko deialdia egin du Udalak gaurko. Eguerdiko 13:30etatik aurrera bilduko dira udal ordezkariak, udaletxeko pleno aretoan, eta bertan landuko dituzte gai-ordenean dauden bederatzi puntuak.
Zarkumendegiko zabalpena, bozkatzeko
Puntuetan eztabaidatsuenetariko bat izango da Zarkumendegiko Zabalpenaren alegazioei erantzuna ematea eta behin behineko onarpenarena. Aurreko Plenotik datorren gaia da; bertan ez zen bozkatu EH Bilduren alegazioengatik, eta Hirigintza batzordera bideratu zuten. Orain, berriz ere, gai-ordenean da, bozkatua izateko helburuarekin.
Horrez gain, beste hainbat puntu aztertuko dituzte: berdintasunaren gaian, arloen arteko lantalde teknikoa osatzea; 2016ko likidazioaren berri ematea; kontu-hartzailearen komunikazio bat; etxebizitza eta lokal baten titulartasuna eskuratzea; eta Goikoetxea eta Bortoene baserrien herri bideen eta landalurreko 9.partzelaren ikerketa-espedienteen ebazpena. Bukatzeko, informazio, galdera eta eskarietarako tartea irekiko dute.