Hernaniko liburutegian Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta ez dute ezer berezia prestatzen eta arrazoi indartsua dute horretarako. Rakel Gonzalez, liburutegiko arduradunaren esanetan, «ez daukagu ohitura, gure eguneroko eginbeharra dela iruditzen zaigulako. Hala ere urtean zehar, ohiko zerbitzuaz aparte, jarduera ugari antolatzen dira. Horrekin ez dakigu jendeak liburu gehiago erosten dituen, horrela bada primeran. Gure helburuak zer ikusi behar du gehiago irakur zaleak eta liburuen maitaleak lortzearekin. Guretzat, edozein eguna, liburuaren eguna da alegia».
Gainera, normalean, data horren inguruan beti izaten da zerbait, edo ipuin kontaketa edo solasaldia edo biak edo beste zerbait. Datorren asteartean eta asteazkenean literatur solasaldia eta ipuin kontaketa izango dira. Ana Jakaren Ez zen diruagatik liburuari buruz izango da solasaldia 19:30etan. Eta ipuin kontaketa Oihane Etxegibelek egingo du 17:30etan eta 18:00etan.
Atal tematikoak
Urtean zehar antolatzen diren jardueren artean atal tematikoak sortzea izaten da. «Liburuak bere ohiko tokitik ateratzen ditugu ikusgarritasuna emateko eta txoko ezberdinetan erakusgai jartzen ditugu».
Liburutegira iritsi eta zerbait ezberdina topatzea dute helburu Rakel Gonzalezen hitzetan. «Urte osoan aldatzen joaten gara, gai ezberdinak jorratzen ditugu: unean unekoak edo pil- pilean dagoen gairen bat edo idazle konkretu baten lanak. Baita literaturaren ingurukoak edota herrian egin behar duten zerbaiten inguruan (Energia astea adibidez). Hainbat kasutan dokumentatu ere egiten dugu, hau da, informazioa ematen duen dossier batekin osatzen ditugu».
Une honetan hauexek dituzte: Eskandinaviar salaketa sozialeko eleberri beltza izeneko liburuen erakusketa. …eta arte garaikideaz, zer moduz?: Marcel Duchampen Iturria artelanak 100 urte betetzen dituela aitzakia hartuta arteari buruzko hausnarketa bat egiteko gonbitea luzatzen da. Eta Landareak udaberrian gaudelako eta landareek protagonismoa hartzen dutelako.
Irakurtea gidak
Urtean bi irakurketa gida kaleratzen dira, bata urtearen hasieran (Kurunenak) eta bestea udan (Freskagarriak). Rakel Gonzalezek dio helburu nagusia liburuen gomendioak jendeari luzatzea dela. «Zer irakurri, zein liburu aukeratu ez dakienari pista bat ematea».
Zer irakurri taula
Iragarki gisa, prentsan ateratzen diren liburuen nobedadeen berri ematen da zer irakurri taulan. «Hilero eguneratzen dugu. Bertan, liburutegian dagoena zein iristear dagoena ere, azpimarratzen dugu. Liburuak iradokitzeko beste modu bat da hau».
Liburutruk: Hartu eta eraman
Liburutruk ere egiten da. Gustuko liburuak, behar ez ditugunak, beste jendearekin trukatzea; irakurketak iradokitzeko beste bide bat irekitzea; berrerabilpena, birziklatze modu bat den neurrian, sustatzea.
Literatura solasaldiak
Bi talde daude bat euskaraz eta bestea gazteleraz. Ikasturte osoan, hilabetean behin, irakurritako liburu baten inguruan mintzatzeko talde bat biltzen da. Saioak gidatuak izaten dira eta sarrera librea.
Sare sozialak
«Twitter-en, Facebook-en eta Instagram-en gaude». Besteak beste, #gomendioak etiketarekin erabiltzaileen ekarpenak eta liburutegiak berak egiten dituenak jartzen dira. Olerkiari bere lekutxoa ere egiten zaio, Facebook-en, adibidez, ostiralero, olerki bat jartzen da, atzo Goizalde Landabasoren bat jarriko zuten.
Bularretik mintzora
Galtzagorri elkarteak sortutako egitasmoa da. Haurren irakurtzeko ohiturak sustatzeaz gain, eskola, gurasoak eta herri liburutegia harremanetan jartzen du. Hernaniko liburutegiak egitasmo honetan parte hartzen du, eta nola ez, bere espazio propioa eskaintzen dio, bibliografia hautatua eta eguneratua eskuragarri jartzeko.
Kartel digitala
Pantaila handia liburutegiko sarreran dago, nobedadeen gainean kokatuta. Deigarria da, eta liburuak gomendatzeko oso ondo funtzionatzen du. Batek baino gehiagok hor ikusi ondoren eskaera egin du tituluren bat maileguan eramateko.