Talde eragilea martxan jarri da, eta dagoeneko, ireki da epea 2018 udal aurrekontuetako 500.000 euro zertan inbertitu proposatzeko. Aurten, gainera, hainbat berrikuntza proposatu ditu talde eragileak: parte hartzeko ez da adin mugarik izango, botoa emateko postontzi gehiago jarriko dira, egindako proposamenak lehenetsiko dira balorazio teknikoak egin aurretik eta obra eta mantenu lanekin lotutako proposamenak bateratu egingo dira.
Proposamenak egiteko, maiatzaren 14ra arte
Dagoeneko etxeetan banatu dira proposamenak egiteko eskuorriak, eta horiek uzteko postontziak jarri dira ohiko lekuetan: Biterin, udaletxean, kiroldegian, Goiz Eguzkin, Institutuan, Udal Euskaltegian, Plaza Feministan, Beterrin, Sandiusterrin, eta auzoetan; aurten, baita Antziolan ere. Era berean, Gaztetxean ere jarri da postontzia. Bestalde, ohi bezala internet bidez ere egin daitezke proposamenak, erabaki.hernani.eus webgunean.
Edizio honetan edozein adinetako herritarrek hartu ahal izango dute parte, eta nahi adina proposamen egin ahal izango dira. Eskatzen den gauza bakarra da, proposamena egiten duenarekin harremanetan jartzeko bidea erraztea, zalantzarik sortuz gero, galdetu ahal izateko.
Aurreneko bilera, bihar
Proposamenak egiteko beste bide bat, auzoz auzo egiten diren bilerak dira, eta bihar egingo da aurrenekoa, Zikuñagan. Maiatzaren 12ra arte egingo dira gainontzekoak, eta 18an, denak aurkeztuko dira, udaletxean.
Talde eragilean, 6 lagun
Prozesua diseinatu eta jarraipena egiteko, aurten ere talde eragilea sortu da, eta prozesua dinamizatzen duen Aztiker enpresako teknikariaren arabera, urtero berritzen da, ahalik eta herritar gehienen ikuspegia biltzeko; gainera, irekia da. Aurten, Sorgintxulo eta Latsunbeberri auzoetako ordezkari bana, Ttapa Ttapa eta Eskubaloi Taldeetako bana eta 4 herritar bildu dira.
PROPOSAMENAK EGITEKO EGUTEGIA
APIRILAK 26: Zikuñagan, 20:00etan.
APIRILAK 27: Sorgintxulon, 19:00etan.
APIRILAK 28: Udaletxean, 19:00etan.
MAIATZAK 3: Florida-Etxeberrin, 19:00etan.
MAIATZAK 4: Lizeagan, 19:00etan.
MAIATZAK 8: Portun, 19:00etan.
MAIATZAK 10: Karabelen, 19:00etan.
MAIATZAK 11: Antziolan (Haur Eskolan), 19:00etan.
MAIATZAK 12: Latsunbeberrin, 19:00etan.