Maila haundiko esku pelotaz gozatzeko aukera izango dute astigartarrek, asteburu honetan, Txomiñene frontoian.
Berria Txapelketaren beste kanporaketa bat jokatuko da bertan, bihar goizean. Oraingoan, Usansolo talde bizkaitarra eta Intxurre Alegiakoa ariko dira lehian, 11:00etan hasiko den jaialdian.
Kanporaketa guztietan bezala, hiru partidu izango dira, guztiak binaka: kadete mailakoa, gazteena eta nagusiena. Hiru partiduetatik bi irabazten dituen taldeak egingo du aurrera, final zortzirenetara.
Orain bi aste, Txukun Lakua eta Azkoitiaren artekoa izan zen Astigarragan, eta jaialdi polita eskaini zuten. Nagusien partiduan erabaki zen kanporaketa, eta talde gasteiztarrak irabazi zuen (2-1), azkeneko hori 22-19 irabazita.