Lan zailena egina dauka Hernanik dagoeneko, denboraldi honetan. Baina lan horri errematea ematea falta du oraindik, eta horixe du azkeneko egitekoa, bihar. Ligako azkeneko partidua jokatuko du Landaren, Sevillako Cienciasen kontra, eguerdiko 12:00etan.
Maila galduta iritsiko dira andaluziarrak, eta bizi-bizirik trikoloreak. Irabaziz gero, Ohorezko Mailan izango da Hernani, datorren denboraldian ere.
Hori dute bide zuzenena, salbazioa lortzeko. Eta helburu horrekin aterako dira zelaira, noski. Baina galduko balute ere, aukerak dauzkate trikoloreek mailari eusteko; baita aukera sendoak izan ere. 30 punturekin dago Hernani, 9garren postuan; 29 dauzka Bartzelonak, eta 27 Getxok. Beraz, garaipena lortzea ezinbestekoa dute bizkaitarrek, trikoloreei aurrea hartzeko; eta ez daukate lan erraza, Santboianaren zelaian jokatuko baitute bihar. Bartzelona, berriz, Gernikaren zelaian ariko da.
Betizu erre pintxoak, salgai
Beraz, ospakizuna behar du biharkoak, Landaren. Eta hala izan dadin, betizua erreko dute burduntzian, pintxoak salgai jartzeko, Landaren bertan.
Baina festa borobila izateko, zaleen laguntza beharko dute trikoloreek; liga osoan zehar lagun izan duten babesa. Horregatik, deia luzatu diete hernaniarrei, Landarera jaisteko.
Igor Genua, martxoko jokalari onena
Bestalde, Igor Genua izendatu dute martxoko jokalari onena Ohorezko Mailan, Constellation Rugby sarietan; «egindako lanagatik, eta Hernaniren salbazioaren pertsonifikazioa izateagatik», azaldu dutenez.