Maiatzaren 7an, udaletxeko arkupeetan, kontzertu berritzaile bat eskainiko du Hernaniko Musika Bandak. Eguerdiko 12:45etan izango da, eta bertan, 11 gazte arituko dira bakarlari moduan, beraientzako antolatutako kontzertu berezi batean.
11 gazte hauetatik, zortzi hernaniarrak dira, eta beste hiru andoaindarrak. Hainbat musika tresnak hartuko dute protagonismoa, bandaren gainetik: pianoa, akordeoia, saxofoia, trompeta, oboea, tronboia, txistua eta ahotsa.
Gazte bakoitzak, aukeratutako obra bat interpretatuko du, bandaren laguntzaz. Horretarako, hainbat orduko saioak egin dituzte, entsaio moduan. Ikasle hauentzat, galdu ezinezko aukera da, bandaren eta entzulegoaren aurrean aritzea.
Jendetza espero da kontzertu honetarako. 11 obra horietatik, bi estreinatuko dira kontzertu honetan: El Nano de Córdoba pasodoblea, Mikel Matek (Donostiako musika eskolako zuzendaria eta Hernaniko bandako kidea) idatzia; eta Joxe Ramon, Joxemari Oiartzabal tronpetako katedraduna eta konposatzaileak Joxe Ramon Berrondo tronpetalari gazteari idatzitako obra. Oiartzabalek berak zuzenduko ditu bakarlaria eta banda bere obraren estreinuan.