Hernani errugbi elkarteak seigarren urtez jarraian Ohorezko Mailan jokatu nahi du, baina horretarako aurtengo denboraldi erregularreko azken jardunaldian mailari eutsi behar dio. Igandean Landaren, 12:00etan, Cajasol Ciencias Sevillaren aurkako partiduarekin denboraldiari amaiera ematea espero du. Hori litzateke seinalerik onena, mailari eutsi diola esan nahiko lukeelako.
Hernani bederatzigarren postuan dago sailkatua jardunaldi baten faltan. Igandeko aurkaria hamabigarren dago eta dagoeneko maila galdu du azken postua berea baita. Hamaikagarren sailkatuak promozioa jokatu beharko du Ohorezko B Mailako azpitxapeldunaren aurka eta hernaniarrek postu hori ekidin nahi dute. Hamargarren Bartzelona dago sailkatua Hernani baino puntu bat gutxiagorekin eta hamaikagarren Getxo dago Hernani baino hiru puntu gutxiagorekin.
Bartzelona Gernikaren aurka eta Getxo Santboianaren aurka, etxetik kanpo
Beraz, Hernanik igandeko partidua irabaziz gero maila mantenduko luke. Galduz gero ere, posible da. Getxok igandean galtzen badu edota Bartzelonak galdu eta bonusik lortzen ez badu, nahiz eta Hernanik ez irabazi Ohorezko Mailari eutsiko lioke.
Getxok Santboinaren aurka jokatuko du Sant Boin eta Bartzelona Gernikaren aurka ariko da. Hiru taldeek ordu eta egun berean jokatuko dute. Aurkari zailagoak dira teorikoki Santboiana eta Gernika, baina hauek ere ez dute ezer jokoan sailkapen nagusian.
Cienciasek ez du ezer ere jokatzen, baina hernaniarrek ez dute konfidantzarik nahi. Polidori entrenatzailearen lana izan da astean zehar iganderako tentsioa mantentzea.
Zaleei deialdia, eta betizua burduntzian
Zaleen beharra ere egongo da eta hamaseigarren jokalariaren papera garrantzitsua izango da. Elkartetik dei egin dute hernaniarrak Landarera hurbildu daitezen taldea animatzera.
Gainera betizu ederra jarriko dute burduntzian, eta goiz osoan zehar, pintxoak salgai egongo dira. Hernanik maila mantentzen badu bostgarren urtez jarraian lortuko luke Ohorezko Mailari eusteko balentria. Gainera, urte guzti horietan, lehenengo urtean bakarrik jokatu zuen promozioa. Beste urte guztietan 10garren sailkatu da. 2012-2013 denboraldian maila nagusira bueltatu zenetik 32, 41, 33 eta 38 puntu eskuratu ditu. Aurten oraingoz 30 daramatza.
AUKERAK
-
Hernanik Ciencias garaitzen baldin badu 9garren amaituko luke. Ohorezko Mailara bueltatu denetik postu hoberena.
-
Hernani mantenduko litzateke Getxok galtzen badu, nahiz eta Cienciasen aurka partidua galdu.
-
Hernani mantenduko litzateke Bartzelonak galtzen baldin badu bonus punturik lortu gabe, nahiz eta Cienciasen aurkako igandeko partidua galdu.
-
Berdinketen kasuan Getxoren aurka beraien arteko lehia edo goal average-a irabazia du, baina Bartzelonaren aurka ez. Hiru taldeen artean berdinketa balego Getxo izango litzateke talderik kaltetuena eta promozioa jolastuko lukeena.