Hernani Eskubaloi Taldea itzuli da Portugaletik, Sào Joào da Madeiran, egin den Andebolmania 17. Eskubaloi Topaketatik eta esperientzia ezin hobea izan da klubarentzat. «Gure hiru talde izan dira, bi infantil neskenak eta mutil kadeteena bat, eta lau egunetan 18 partida jokatu dituzte. Aurrean topatutako taldeak maila desberdinak zituzten. Batzuk maila oso altua zuten, besteak berriz xumeagoa, baina kasu guztietan jokatutako partidak interesgarriak eta lehiatuak izan dira, badagoela nondik ikasi erakusten duten horietakoak».
Emaitzei dagokionez, kasu honetan garrantzitsuena izan ez arren, denetarik egon da; oro har neskek emaitza hobeak lortu dituzte.
Bigarren urtez segidan HETak antolatutako bidaia izan da hau, eta balorazio azkar batean, «esperientzia bezala oso aberasgarria» izan dela diote taldeko buruek. «Zaletasuna sortzen duen horietakoa. Jatorri desberdineko neska-mutilak kirol eta bizikidetza topaketa batean, eskubaloiaz gozatzearekin batera lagun berriak egiteko aukera paregabea».
Hernaniren maskota, Azerigol, protagonista
Aurten, Hernaniko espedizioak, zaleen artean, bere maskota eraman du, Azerigol; Hernaniko Eskubaloi Taldearen izena kanpoan ezagutarazteko eta harmaila girotzeko egin duen lana aipatzeko modukoa izan da.
Portugaletik bueltan nekea nabaria bada ere, eskubaloia Hernaniko gazteen artean zabaltzen jarraitzeko pilak kargatu dituzte HETekoek. «Kluba garai batean eskubaloiak Hernanin izan zuen garrantzia berreskuratzeko lanean darrai eta Andebolmania 17 horren adierazle ezin hobea izan dugu».
Topaketa pasa den asteko asteazkenean hasi zen eta lau egun iraun zituen. Lehen egunean kadete mutilek bi partiduak galdu zituzten eta nesken infantil B taldeak ere ez zuen garaipena lortzerik izan. «Bigarren egunera itxaron behar izan zen Hernaniren garaipena ikusteko. Ostegunean, neskek 17-16 irabazi zuten Lavadores Vigoren aurka». Ostiralean lehiaketa beste fase batean sartu zen. Partiduak talde parekatuagoen artean jokatu ziren.
Diskofesta gaua ostegunean
Hala ere dena ez zen eskubaloia izan eta harremanak sendotu eta ongi pasatzeko beta ere izan zuten jokalariek. «Ostegun gaua diskofestaren gaua izan zen. Ilunabarrean jaialdi haundi bat antolatu zen kiroldegi nagusian: Portugalgo bigarren mailako ligako partidu bat eta ondoren ‘jaurtiketa lehiaketa’ aurtengo edizioko partaideen artean. Hor gure Axeria protagonistetako bat bilakatu zen». Kirol arloan, deneratik egon zen, bai garaipenak eta baita partidu galtzeak. Bi partidu jokatu zituen talde bakoitzak.
Azken partiduak eta afaria larunbatean
Larunbatean azken partiduak jokatu zituzten hiru taldeek. Mutil kadeteek gertu izan zuten lehen garaipena, baina ez zen posible izan. Neskek berriz bai ezagutu zuten beste garaipen bat. «Topaketari amaiera emateko jokalariek, gurasoek eta entrenatzaileek batera afaria eduki genuen eta topaketari amaiera eman genion». Aipatzekoa da Azerigolek antolakuntzaren oroigarri bat jaso zuela.