Euskera berantiarraren teoria: egia ala gezurra? izenburupean Luis Mari Zaldua euskal filologo eta onomastikariak hitzaldia emango du datorren apiriralen 26an, 19:00etan, Biteri kultur etxean. Dobera Euskara Elkarteak eta Hernani Errotzenek antolatu dute eta Eñaut Agirre moderatzaile lanetan ariko da.
Hitzaldia atzo aurkeztu zuten Biterin eta bertan izan ziren Zaldua, Eñaut Agirre eta Hernani Errotzenen ordezkaria, Beñi Agirre. Interes eta ika mika haundia piztu duen gaia izan da azken urteotan eta Luis Mari Zaldua urnietarra gaiari argi pixka bat ematen saiatuko da.
Datorren asteko hitzaldia euskera eta historiaren inguruan egin diren hitzaldien barruan kokatzen da. «Hau hirugarrena izango da» aurkeztu zuen Beñi Agirrek. ETBk egin zuen Vasconiako Historia bat dokumentalaren sail batetik dator euskalduntze berantiarraren hipotesia.
Luis Mari Zaldua urnietarrak lan erraldoia egin du Urumeako Zilegimendietako Toponimiari buruz, eta Doktoretza Tesia egin zuen.
Hernani izenaren inguruan, sorpresa baten berri
Aurkezpenean hitzaldiaren nondik norakoak azaldu zituen, eta aurreratu zuen: «sorpresaren bat ere egongo da Hernani izenaren inguruan».
Hitzaldia bost ataletan banatuko du. Lehendabizikoan euskalduntze berantiarraren teoria berreskuratu dutenek egin duten lana ikusiko da. «Labur, bilduma bat egingo dugu azalduz zer den euskalduntze berantiarraren teoria».
Bigarren atalean teoria hau noiz, nork eta zergatik sortu zen azalduko da. Hirugarren atalean zenbait datu emango dira, dokumental horretan ematen ez diranak, entzuleek beraien ondorioak atera ditzaten. «Gaia ulertzeko ezinbesteko datuak izango dira», Zalduaren esanetan.
Laugarren atalean Iruña Veleiako auziarekin lukeen balizko lotura edo harremana azalduko da, ondorioak eman gabe eta, azkenik, galdera erantzunen txanda etorriko da.
Horrez gain, Zalduak azalduko du zer lotura duen euskalduntze berantiarraren teoriak bere Doktoretza Tesiarekin eta egin dituen ikerketa lanekin. «Nik ez dut euskalduntze berantiarra ikertu. Gertatzen dena da nik argitaratu ditudan ikerketetako datuak zuzenean daudela lotuak eztabaidarekin».
«Euskal jatorria ez duten toponimoak dira interesgarrienak euskera ikertzeko»
Onomastikariek izen bereziak ikertzen dituzte. Pertsonen edo tokien izenak. «Guk toponimo horiek ikertzen ditugu. Mitxelenak zioen hizkuntza zaharren biltegi aberatsena zirela toponimoak. Eta euskeraren kasuan garrantzitsua izan da oso, iluntasun bat egon delako. Guk erabiltzen dugu toponimia euskeraren historia aztertzeko. Badaude toponimo batzuk bereziki interesanteak direnak eta euskeraren historia ikertzeko toponimo emankorrenak, aberatsenak eta onenak dira euskal jatorria ez dutenak. Batez ere jatorri indoeuropearra dutenak; ama bukaera dutenak, esaterako. Zergatik? Horrek erakusten duelako euskaldunek nola moldatu dituzten euskerara. Egokitzapen horiek erakusten digute zeintzuk diran euskera beraren izaeraren ezaugarriak».
Toponimo horiek ez ziren aztertu lehenago Zalduak egin arte eta bere ikerketaren ondorioak zuzenean daude lotuak euskalduntze berantiarrarekin. «Euskalduntze berantiarra defendatzen dutenek egin beharreko lehen pausoa zen nik ikertu nituen toponimoak ikertu, onartua baitago toponimo horiek direla adierazle garbiak lehen zeuden hizkuntza indoeuropear horienak». Hitzaldian azalduko ditu zeintzuk diren ondorio horiek.