Igandea izango da Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta hori ospatzeko, emanaldi berezia antolatu dute Astigarragako kultur etxean, gaur zortzi, datorren asteazkenean.
Ipuin musikatuak eskainiko ditu Emakume Eskeletoak taldeak: Maite Arrese aktore eta ipuin kontalariak, eta Mau Ziemkiewicz biolinjoleak.
Amodiozko Ipuinak ikuskizuna da bertan eskainiko dutena: «hezur eskeletoa gorputzaren ardatza den bezala, maitasuna da gure bizitzako euskarri. Pentsatzeko eta sentitzeko era horretatik abiatuta sortu genuen ikuskizuna. Publikoa atmosfera intimo batez inguratzen dugu, istorioak publikoaren barrenera iristeko asmoz», azaldu dute.
Helduei zuzenduta, doan
Helduentzako saioa izango da, maitasun mota desberdinetako lau ipuinez osatua, eta biolin doinu ezagunez zein inprobisatuz lagundua. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da, eta sarrera doan izango da.