Atletismo pistaren ondoko parkea estaliko du Udalak, eta bi astez, herritarrek aukeratu dute nolakoa izan behar duen, bi proposamenen artean. Bozkatzeko: www.hernani.eus. Epea gaur amaitzen da eta oraindik ere jaso daitezke bozkak. Bi proposamen daude, haur parkea estali eta ingurunea moldatzeko: Zuhaitzen artean eta ...gailur guztien oinarrizko kanpamendu. Oraindik bi proiektuei buruzko panelak daude parkean bertan, Biterin eta webgunean.
2015erako aurrekontu parte-hartzaileetan aukeratu zen parke bat estaltzeko proposamena, eta gerora, udal teknikariek aztertu zuten zein izan zitekeen parke egokiena horretarako, eta atletismo pistaren ondokoa aukeratu zuten.
Edozein kasutan, Udalak erabaki zuen, herritarren esku uztea, nolakoak izango diren estalpea eta ingurua. Eta horretarako, ideia lehiaketa irekia, publikoa eta anonimoa jarri zuen martxan. Jasotako zortzi proposamenen artean, bi horiek lehenetsi zituen epaimahaiak.
Zuhaitzen artean proiektuaren aurrekontua, 437.732 eurokoa da, eta ...gailur guztien oinarrizko kanpamendu proiektuarena, 219.995 eurokoa. 2015ean, 120.000 euro gorde ziren horretarako, baina 260.000 eurora igo zuen Udalak 2016an.