Aste Santuko oporretan bete-betean bagaude ere, bi hilabete besterik ez dira falta haur eta gazteen oporraldiaren hasierarako. Horregatik, familia asko dira dagoeneko udarako planetan pentsatzen hasi direnak. Eta hain justu, orain aurtengo udalekuen berri eman dute Udalak eta baita Dobera Euskara Elkarteak ere.
Izenematea, irekita
Urtero bezala bi eskaintza egin ditu aurten ere Udalak. Alde batetik, Udaleku irekiak izango dira ekainaren 29tik uztailaren 21era arte, 3 eta 10 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat. Eta bestetik, Kirol udalekuez gozatu ahal izango dute nagusienek, 11 eta 12 urtekoek, uztailaren 3tik 21era bitarte.
Horietan parte hartzeko izenematea dagoeneko ireki du Udalak, eta maiatzaren 8ra arte eman ahal izango da izena. Hiru bide jarri dituzte horretarako: herrian ikasten dutenek ikastetxean bertan egin ahal izango dute, eta besteek, aurrez aurre Herritarren Harrera Zerbitzuan edo Internetez.
Internet bidez egiteko, www.hernani.eus web orrian dagoen orria bete eta emailez bidali beharko da euskara@hernani.eus helbidera.
Udaleku ibiltariek, bi txanda
Bestalde, Udaleku ibiltariak antolatu ditu aurten ere Dobera Euskara Elkarteak. Bi txanda izango dira: aurrenekoa, 12-16 urte bitartekoentzat, uztailaren 2tik 14ra; bestea, ordea, 9-12 urte bitarteko gaztetxoentzat, uztailaren 30etik abuztuaren 5era.
Izenematea maiatzaren 22ra arte egongo da irekita: dobera@dobera.eus helbide elektronikoan, 943 33 27 99 telefonoan, edota Larramendi kaleko bulegoan.