Integrazioa da Atawafok elkarte sortu berriaren helburuetako bat, eta horren inguruan sakontzeko aukera eskainiko dute gaur eta bihar.
Horretarako, hitzaldia izango da gaur, arratsaldeko 16:00etan hasita, Sandiusterrin, eta bertan arituko dira Etorkinak eta gizarteratzeko oztopoak gaiaren inguruan solasean.
Bazkaria eta kontzertua, bihar
Baina hori ez da egun hauetarako bertan bizi diren marokoarrek antolatu duten ekintza bakarra. Bazkaria egingo dute bihar Atsegindegin, eguerdiko 14:00ak aldera, eta herritarrei deia luzatu diete bertaratzeko.
Elkartearen helburua integrazioa denez, menu ‘integratu’ bat osatu dute: lehenengo, pintxo euskaldunak; ondoren, nazioarteko entsalada bat; eta bukatzeko, plater marokoarra, pajin edo haragia eta mahaspasekin osatua. 5 euroren truke bazkaldu ahal izango da bertan.
Bazkaria bukatzear denean marokoar musika entzun ahal izango da zuzenean, Issawa taldearen eskutik.