«Umeak diren bezala onartu eta maitatuta, ez dago arazorik»

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 22a, 02:00

Etzi, hilak 24, Goizuetan izanen dira Erika Salbatierra sexo­logoa eta Chrysallis Euskal Herriko Edurne Koch eta Asier Ma­riezkurrena, haur transexua­litateari buruz hitz egiteko; Haur transexualitatea: ulertu, lagundu ahal izateko. Eskolako jangelan jarri dute zita, 17:30etan.

Gaia gizarteratzea, helburu
Edurne Kochek elkartearen helburuaren berri eman du: «Chrysallis Euskal Herritik argi daukagu ume hauen errealitatea ezagutarazi ahala, kasu gehiago gerturatzen zaizkigula, eta garrantzitsua dela hau gizarteratzea. Orain arte tabua izan da, eta umeak ezeztatuak izan dira. Identitatea ukatzean sufrimendu asko eragin zaie. Baina umeak diren bezala onartu eta maitatuta, ez dago arazorik. Denak bezala, ondo hazten dira».

«Gero eta gazteagoa haurra, orduan eta errazagoa da kasua gizarteratzea»

Hitzaldia bi zatitan banatuko dute. «Batetik, errealitate hau ezagutzen duen sexologoak azalpen profesionala ematen du, eta era berean, saiatzen ga­ra familion testigantzak ema­­ten; uste dugu bizipen zu­ze­nek lagundu dezaketela prozesuan edo gaia ulertzen, eta ho­rrela etortzen dela onarpena».
Bigarren zatian, berriz, bertaratutakoen zalantzak argi­tzen saiatzen dira.

Prebentzioa, klabea
Publikoak dauzkan zalantzen berri ematean, sorpresa ere adie­razi izan dutela dio, Ko­chek: «galdetu izan digute nola litekeen 3, 4 edo 5 urteko ume batek hain garbi edukitzea eta hain indartsu adieraztea gainontzekoak erratuta daudela. Gure kasuan, guk garbi genuen gure haurra mutila zela, baina berak argi zeukan neska dela. Hori posible da, identitatea ezeztatua izaten ari delako etengabe, eta horregatik ume horiek ezin dutelako zoriontsu izan».
Horrexegatik, gaia gizarteratzea, arazoak prebenitzeko modua dela uste du Kochek. «Gero eta gazteagoa haurra, orduan eta errazagoa da kasua gizarteratzea. Ume txikiek oso garbi daukate, lagunak nolakoak diren; ez diote izenik jar­tzen, baina konturatzen dira eta onartzen dute. Adinean gora eginda, aurreiritzi gehiago sortzen dira. Entzun eta kaso eginez gero, ez dute alferrik sufritu beharrik».
 

CHRYSALLIS EUSKAL HERRIA

Transexualitatea ez da gai berria, «baina berria da, errealitate hau ume eta gazteen artean ere badagoela konturatu garelako», azaldu du Kochek.
Errealitate horren berri izateko, ulertzeko eta nola landu daitekeen erakusteko lanean aritzen da Chrysallis elkartea, eta nahi duena harremanetan jarri daiteke haiekin, ‘www.chrysalliseh.eus’
webgunean, 688 728 055 telefonoan edo ‘familia@chrysalliseh.eus’ helbide elektronikoan.
Era berean, hileko aurreneko astearteetan informazio puntua ireki eta elkargunerako tartea ematen da Donostian, 19:00etatik 21:00etara.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!