Hilabete luzez, ia urtebetez, lanean aritu ondoren, dagoeneko jarri dute martxan Kutxa Ekoguneako Baso Eskolako proiektu pilotoa. Eta bertan izango dira, aurretik Kronikak iragarri bezala, Langile ikastolako Haur Hezkuntzako zenbait neska-mutil, hain zuzen, 3 eta 6 urte bitartekoak.
Natura, hezkuntza-baliabide garrantzitsuena
Kutxa Ekoguneak azaldu duen bezala, «ikasleei beraien garapen sozial, emozional eta kognitiborako erremintak hornitzeko metodoak garatzea da helburua txiki-txikitatik», eta bide horretan, sustatu dute sistema hau Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Hernaniko Langile eta Donostiako Amara Berri ikastolekin elkarlanean.
Horrela, bada, «neska-mutilek ingurune naturalean garatuko dituzte ‘eskolak’, eta ez ikasgela barruan». Dena den, argitu dute: «beste ikastetxe batzuetan bezala, curriculum ofiziala garatuko da, eta naturak hezkuntza-edukiak jorratzeko baliabide didaktikoak eskainiko ditu. Izan ere, natura bera izango da hezkuntza-baliabiderik garrantzitsuena».
Gainera, azaldu dute, «jolas askea» izango dela «ikasteko metodologia nagusia, hori baita neska-mutilen ikasteko metodo naturala». Horrela, «ikasleek norekin eta non jolastu erabakiko dute, elkarrekin harremanetan jarriz eta jarduerak eta jolasak asmatuz». Horrez gain, metodologia honik esker, «ikasleek natura ikertu eta modu autonomoan eta askean komunikatuko dira elkarrekin; horrela, jarduten ikasten dute, benetako esperientziak bizitzen dituzten bitartean».
Langile ikastolako ikasleak, aurreneko bisitariak
Martxoan eman zituzten aurreneko pausu praktikoak Kutxa Ekoguneako lursailetan, eta Langile ikastolako 60 neska-mutil izan dira aurreneko bisitariak: «hiru taldetan banatuta, hiru egunetan zehar garatu dute programa», azaldu dute Kutxa Ekoguneatik.
Horren ondoren, ebaluazio txiki bat egin dute irakasleek, eta esperientzia positibotzat jo dute: «merezi du proiektuaren alde apustua egiteak; ikasleak oso kontentu daude, itzultzeko irrikan, eta gainera, aldaketa nabarmena da dagoeneko, oraindik oso denbora gutxi igaro bada ere».
Eta bueltatuko dira, noski; oraingoz, maiatzean itzuliko dira Langile ikastolako ikasle–ak, baina ideia da urriaren 1etik aurrera, eta ikasturte amaierara arte, ikastetxe bakoitzeko 2 ikasle-talde programa garatzen hastea.
Horretarako, bai Langile eta baita Amara Berrik ere, Hernani eta Donostiako Udalen laguntza jasoko dutela jakinarazi du Kutxa Ekoguneak. Laguntza hori garraio-gastuak estaltzeko izango litzateke, eta etorkizunean ere «proiektuarekin lankidetzan jarduteko bideak aztertzeko interesa agertu dute» bi Udalek.
Langile ikastolako 60 neska-mutil izan dira Baso Eskolako aurreneko bisitariak.
Lursaila, egokituta
Erakundeak berak adierazi duenez, «Kutxa Ekoguneak gunea egokitu eta bi ganadu-txabola, aterpe bihurtu ditu, zuhaitzak saneatuz; eta ikastetxeen eskura bi hezitzaile jarriz: naturaren eta ingurumen-hezkuntzaren inguruko ezagutzak partekatuko dituen biologo bat, eta laster Edinburgotik iritsiko den beste bat, lau urtez baso eskola batean lan egiten aritu dena».
Etorkizuna, proiektu pilotuaren baitan
Dena den, orain hasi duten esperientzia proiektu pilotua besterik ez da, eta ondoren, «emaitza positiboak eskaintzen baditu, hark eredu gisa balioko du naturan oinarritutako metodologia hori beste ikastetxe batzuetara hedatzeko», argitu dute.