Martxoaren 30ean bildu zen udaletxean, DBHko eraikinaren inguruko aurreneko batzordea, EAJ-PNVko udal gobernu taldeak jakinarazi duenez.«Helburua izan zen aztertzea ekonomikoki bideragarria ote den lurrak erostea, herrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroa eraikitzeko. Bileran, informe teknikoak ere aurkeztu ziren, lur eremu horrek dauzkan behar eta arazoen ingurukoa».
Hainbat arazo
DBHko zentroa eraikitzeko, «egungo udal gobernu taldeak Plan Orokorraren moldaketa puntuala jaso zuen oinordetzan», EAJ-PNVk azaldu duenez; «Mendiandi-Anibar inguruko lur eremu hau, lur hirigarri egoerara moldatu beharra».
Eremu honek ordea, «hornikuntzei dagokienez hainbat arazo dauzka: ur-horniketa, euri uren eta ur beltzen ebakuazioa, eta tentsio bajuko energia elektrikoaren horniketa. Gainera, ez dauka obra egiteko beharrezkoa den erabilera publikoko biderik».
Arazo haundiena energia elektrikoaren horniketak sortzen dituela azaldu du EAJ-PNVk. Izan ere, lur eremu horretan dagoen 30kB-ko dorrea mugitu egin beharko litzateke, lur azpiratzeak 1.000.000 euro baino gehiago balio baitu. Horregatik, Iberdrolarekin harremanetan dagoela azaldu du.
Batzordean bildutako informazio guztia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saialari helaraztea erabaki da.
Bi aukera
Arazoa konpontzeko bi aukera aztertzen ari da Udala; dorre elektrikoa mugitzea, edo mugitzeaz gain, Anuskako zatia lur azpira eramatea. «Zati bat bakarrik lur azpiratzea garestiagoa bada ere, Udalak uste du aukera onena dela, dorre elektrikoa mugitzeak auzoan eragina izango duelako eta gainera, bizilagun guztien baimena lortu beharko litzatekeelako».
Bestalde, irismen arazoa konpontzeko, Plan Orokorrean Txoritokieta Bidea aurreikusten da, hilerritik barrena, baina aukera zaila dela uste du EAJ-PNVko udal gobernu taldeak, eta Kale Nagusitik sarbidea behar lukeela uste du.
Informazio guztia, Hezkuntza Sailaren esku
Traba izan daitezkeen arazo horiek denak medio, batzordean bildutako informazio guztia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari helaraztea erabaki da.
«EAJ-PNVko udal gobernua ados dago EH Bilduren aurreko gobernuarekin; Astigarragako DBH eraikitzeko eremu egokiena horixe da. Baina ez dakigu ekonomikoki zein eragin izango duen lur eremu hori erosteak, eta informazio hori beharrezkoa da».