Dantzari txikiak atzo, eta helduak gaur; baina asteburu honetan, dantzariak dira protagonista Hernanin, inondik inora. Eta gaurkoa du, hain justu, azkeneko eguna eta nagusia, XXII. Dantzari Festak.
Atzo hainbat herritako dantzari gaztetxoak etorri baziren, gaur Euskal Herri osokoak, zazpi probintzietakoak, izango dira herrian. Guztira 20 talde, hiru hernaniar tartean: Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsa, Hernaniko Musika Eskola, eta Ttarla dantza taldea.
Kalejira eta dantza saioak kalez kale, goizean zehar
Goizeko 10:45etan hasita, kalejiran ibiliko dira dantzariak, dantza saioak eskainiz, herriko kaleetan zehar; txoko bakoitzean izango da dantza talderen bat. Eta ondoren, Plazan elkartuko dira denak, eguerdiko 13:15etan, saio nagusia eskaintzeko: agintari dantza, agurra, muxikoak, fandangoa, arin-arina eta larrain dantza.
Bazkaria, erromeria eta omenaldia, bukatzeko
Festa borobiltzeko, elkarrekin bazkaltzera joango dira dantzari eta soinujoleak, Atsegindegira. Eta bazkaldu ondoren, erromeria izango dute, baita omenaldi bat egin ere.
GAUR, igandea
10:45, Kalejira, Hernaniko kaleetan zehar; eta dantza ekitaldia, herriko auzo eta kaleetan zehar (euria egingo balu, Biteriko areto nagusian).
13:15, Dantza talde guztien eskutik: Agintari dantza, Agurra, Muxikoak, Fandango-Arin, eta Larrain dantza. Gudarien Plazan.
14:30, Bazkaria, dantzari eta soinujoleentzat, Atsegindegin.
Ondoren, Erromeria eta omenaldi bat.