Ondo bukatu zuten ligaxka, bigarren postuan eta zuzenean final laurdenetara igarota, Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Josetxo Ezkurrak, Oialume Zar sagardotegia ordezkatuz. Baina hortxe bukatu zaie abentura, Sagardoaren Txapelketa honetan: galdu egin zuten larunbatean, Ezkurra eta Aizpuru IIIren kontra (Altzueta), eta ez dira semifinaletan izango.
Kontrarioak nagusi izan ziren, partidu osoan zehar, eta Ezkurrak bere maila erakutsita, ez zieten aukerarik eman. 12-4 aurreratu ziren berehala, eta alde horri eutsi zioten bukaeraraino. 22-17 izan zen markagailuak erakutsi zuen emaitzarik estuena, baina ezin izan zioten buelta eman, eta 40-28 galdu zuten.
Orain, Ezkurrak eta Aizpuru IIIk aurrean izango dituzte Otaegi eta Ion (Petritegi), finalaren bila.
Beste bidetik, Ansak eta Endikak lortu zuten final laurdenetara pasea, eta Uterga eta Larrañagaren kontra ariko dira, semifinalen bila.