Aurten ere egingo dute Mendi Lasterketa, Ereñotzun. Zazpigarren edizioa izango du probak, eta ekainaren 4an egingo dute, San Antonio jaien bueltan, goizeko 10:30etan hasita.
Azkeneko urteotan bezala, Aiako Harria parke naturalean barrena ibiliko dira korrikalariak, eta 12 kilometroko ibilbidean, Urdaburu izango dute punturik altuena, guztira 832 metroko desnibel metatua osatzeko. Jaitsiera teknikoak badauzka lasterketak, baina edozein kasutan, edonork egiteko modukoa dela azaldu dute antolatzaileek.
Izenematea, etzitik aurrera
Lasterketan izena emateko, etzi zabalduko dute epea, astelehenarekin. Interneten egin ahal izango da, maiatzaren 31ra arte, www.kirolprobak.com web orrian. 8 euro dira, aurreko urteetan baino merkeago, eta 200 korrikalari apuntatu daitezke, gehienez.
Dortsalik geratuko balitz, egunean bertan ere izango da aukera, Auzo Udaleko aretoan, 09:30etan. 10 euro izango dira kasu horretan.
Azaldu dutenez, helburua da lasterketa herrikoia antolatzea, ingurunea ezagutzera emanez eta inguruko herritarrek «giro onean, gustura eta seguru parte hartzea». Eta horretarako, auzotarren laguntzarik ez dute faltako aurten, ibilbideko bidegurutzeetan, salda eta pintxoak egiten, dortsalak banatzen...
Eskerrak, urte guzti hauetan bere ekarpena egin dutenei
Antolatzaileek azaldu dute, azkenik, aurten formatu berri bat eman nahi izan diotela, oparien zozketari. Eta eskerrak eman nahi izan dizkie, «urte guzti hauetan bere ekarpena egin duten Hernani eta Ereñotzuko denda, jatetxe eta elkarte guztiei. Zuen laguntza ezinbestekoa izan da lasterketa aurrera eramateko».