Apirilaren 23an, Aste Santuko oporren ostean, egingo du hurrengo ibilaldia Mendiriz Mendi elkarteak. Orduan zeharkatuko dute taldeko kideek Nazar, Joar eta Kodes Santutegia zeharkatzen dituen ibilbidea.
Ekialdetik mendebaldera orientatuta dagoen kareharrizko mendiez osatuta dagoen mendizerra da, eta hain justu, Araba eta Nafarroaren arteko muga osatzen dute. Ikuspegi geografikotik aztertuta, mendilerroa Kantabria mendizerraren luzapena da. Bien arteko lotura, Meano mendateak egiten baitu.
Joar, gailurrik garaiena
Mendiriz Mendiko kideen irteerako helburuetako bat izango da, Kodes mendizerraren gailurrik garaiena, Joarri dagokiona, igotzea. 1.416 metroko altuera dauka, mendizerra bereko Laplana (1.338 m) eta Kostalera (1.233 m) mendien aurretik. Aurrenekoa, Nafarroako lurretan kokatuta dago guztiz; bigarrenaren gailurra, aldiz, Nafarroak eta Arabak partekatzen dute.
Naturaren aldetik, mendizerra honek, ingurukoak bezalaxe, begetazio aldetik kontraste haundia erakusten du: iparraldea pagadiz josita dago, eta hegoaldea, berriz, klima mediterraneora egokitutako erkametz, arte eta haritzez.
Joar gailurrari dagokionez, bertize geodesikoa da, eta antenez hornituta dago. Horregatik, mendizale askorentzat ez da oso mendi erakargarria, baina bere gailurretik ikusten den paisaia ikusgarriak igoera bat merezi duela argi dago.
Kultura aldetik ere, oso eremu erakargarria da. Aguilar de Codés aldera jaisten den gailur-lerroan, Dos hermanas izenarekin ezagutzen diren bi haitz daude, eta kondaira tradizional batek dio, harri bihurtutako Uxanuri herriko bi haizpeen irudiak direla. Ekaitz gogor eta bortitz batean etxeratzeko garaian asko atzeratzeagatik bere amaorde gaiztoak egin zuen konjuruagatik horrela geratu omen ziren biak, betirako harri bihurtuta. Horiek dira, gutxi gorabehera, ibilbide honetan zehar ikusi daitezkeen harribitxiak.
La Llana lepoa, bi
gailurren artean
Aguilar de Codés herritik irten bezain pronto, bertan dagoen pistari jarraituz, futbol zelaiaren albotik pasako gara. Han dagoen bidegurutzean ezkerrera egin eta pistari segi behar zaio. Zertxobait aurrerago eskuinera egin eta bidezidor batera iritsi arte; gero, handik, gora egin behar da. Orduan, basoan sartuko da bidea, eta igotzen jarraitu beharko gara, pista batera irten arte. Pista horri jarraituz Nazar lepora iritsiko da bidea.
Marka gorri-zuriei eta gailur-lerroari jarraituz, Joar eta Laplana gailurren artean dagoen La Llana izeneko lepora hurbildu ahal izango dira bertaratutakoak. Ibilbidearen tarte hau basotik kanpo egiten da, goi gailurreko zelaietatik zehar. Ibilbidea zertxobait luzatu nahi duenarentzat, aldiz, La Llanatik Laplanara igotzeko aukera dago; ehun metro inguruko desnibela dauka, baina berehala egiten da.
La Llanako lepotik eskubira egin behar da, eta Joar gailurraren mendebaldeko magaletik igo behar da gailurrera hurbiltzeko. Gailurrera iritsi baino lehenagoko azken metroak baso barrutik egiten dira. Handik, antenak dauden tokira iristen da bidea, eta zertxobait aurrerago dago, azkenean, gailurra, Kodes mendizerrako luzeena.
Bukatzeko, La Llana lepora itzuli beharko da, eta eskuinera biratuz, hau da, hegoaldera eginez, Kodes Santutegi aldera dijoan bidea hasten da, beherantz. Bideak ez du galerarik GR baten parte delako; oso ongi markatuta dago: lehenengo metroak hartxingadi batetik egiten dira, baina berehala basoan sartzen da bidexka. Hortik, tarte laburrean burutzen da mendatetik santutegira dagoen desnibela.
NAZAR – JOAR (1.416 m) - KODES SANTUTEGIA
Non kokatzen da: Kodes mendizerran, Araba eta Nafarroa arteko mugan.
Luzera: 11 km.
Denbora: 4 ordu.
Desnibel metatua: 600 metro gorantz, eta 850 metro beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik
apirilaren 23an egingo du
irteera hau.