Erleen kopurua nabarmen gutxitzen ari da munduan, pestiziden, itsektiziden, gaitzen (Varroa bizkarroia) eta erleen habitaten deuseztatzearen eraginez. Arrazoi horiei, Euskal Herrian, beste bat ere gehitu behar zaie azken urteetan: Asiako liztorra (Vespa velutina nigotorax). Erlezain profesionalak gutxi badira ere, asko dira etxerako eztia eta bestelako produktuak lortzeko edo fruta arbolak polinizatzeko erleak dituztenak. Erleak mantentzea gero eta gehiago kostatzen zaiela onartu dute.
Julian Urkiola eta Agustin Zabala erlezain ezagunak dira Hernanin. Urte asko daramatzate erleekin eta Julian Gipuzkoako Erlezain Elkarteko presidente ere izan zen bere garaian. Erleen inguruko xehetasunak hobeto ezagutzen dituztenak gutxi izango dira gure inguruan. Eta alarma piztu dute aurten bizitzen eta ikusten ari direnarekin.
«Kalte izugarriak izan ditugu. Inoiz ikusi gabeak. Martxa honetan erlea desagertzera doa. Aurten erlauntza batzutan %80a desagertu eta galdu ditugu. Ereñotzu aldean dauden erlauntzetan gertatu da hori. Donostia aldera hurbiltzen bagera Lasarte inguruan galerak jeisten doaz eta %35a direla esan genezake. Datu horiek kontutan izanda arrisku larrian dago gure erlea. Esan liteke martxa horretan urte gutxiko biziraupena duela. Urtero horrelako galerak baditugu uste baino lehenago desagertuko da».
«Erleak polinizatzaileak izateaz gain onura asko ekartzen dituzte. Bere pozoia gaixotasunen
aurka erabiltzen da»
Polinizatzaile garrantzitsuena da erlea eta desagertzen ari da
Hori izugarria izango litzateke. Julian eta Agustinen hitzetan. Bizitza aurrera atera ahal izateko naturarekin elkarlanean dihardutenek ondo baino hobeto dakite zenbaterainoko garrantzia duen ingurugiroa babesteak, izakirik txikiena ere aintzat hartzeak. Izaki txikienen artean erraldoi izango liratekeen arren, erleek berebiziko garrantzia dute naturarentzat eta gizakiontzat. Izan ere, «gizakiak hartzen dituen hiru elikagaitik bat, erle, tximeleta, txori, edo beste polinizatzaileren batek egindako lanaren ondorio izango litzateke. Intsektu polinizatzaileen artean, erlea da langileena, polinizazioaren %73tik %88ra berak osatzen baitu. Gertura hurbilduz, gizakiak elikatzeko uzten %60tik gora daude neurri batean intsektu polinizatzaileen menpe Hego Euskal Herrian. Mundu mailan %76a».
Listorrak, euliak, kakalardoak, tximeletak... polinizatzaile trebeak dira, baina trebeen artean trebeena erlea da. Erleek gizakia elikatzen duten landare erein guztietatik 3/4tik gora polinizatzen dute, eta munduko loredun landare guztien %90. Egin diren kalkuluen arabera, uste da erlerik ez balego 3.000 landare-espezie galdu egingo liratekeela.
Ekosistema, hala ere, ez da zifra-kontu hutsa, kalitatea ere hor dago. Polinizazioa egokia denean, fruituak osasuntsuagoak eta handiagoak izaten dira; eskasa denean, ordea, fruituen tamaina txikiagotu egiten da, heldu gabe erortzen dira, eta deformazioak ere sortu ohi dira. Argi ikusten da guzti horrek ekosistemaren produkzioan eta bizitzan ikaragarrizko eragina duela. Landare guztien sustraiek, haziek, hostoek eta abarrek lurra aberasten dute, eta animalia askoren janaria, babesa... eta biziraupena ziurtatzen dute.
«Polena, propoleoa,eztia, argizaria bezalako produktuak erleetatik sortzen dira. Propoleoa antibiotiko naturala da»
Propoleoa, polena, argizaria, eztia... erleetatik onura asko, gaixotasunen aurkako tratamenduakl ere bai
Erleek polinizazioaz gain beste hainbat onura ekartzen dituzte. Berak sortzen dituen produktuak esaterako. «Propoleoa, polena, argizaria, eztia... erleetatik eta erlauntzetatik onura asko etortzen dira. Antibiotiko naturala da propoleoa. Alkohola darama eta hori kentzen zaionean, ‘baño marian’, pasta bat geratzen da, txiklea bezala, eta hori bera erabili daiteke esaterako onddoen aurka antibiotiko naturala delako eta gainetik alkohola duelako».
Erlauntzetatik gauza asko atera daitezke. «Ez propoleoa bakarrik» dio Julian Urkiolak. «Argizaria ere ateratzen da. Orain baino gehiago lehen ateratzen zen, elizetarako esaterako edo etxeetarako. Gaur egun ez bezala, ez zegoen argirik. Erabiltzen da baita ere polena, erlearen pozoina apitoxina deitutakoa ere bai. Hori erlea bera zuzenean hartuta tratatu leike edota kapsuletan... hori bai, erabili aurretik pozoina alergia froga bat egin behar da. Esaterako erreumarentzako erabiltzen da apitoxina».
Argizariaren kutsadura eta varroaren eragin tamalgarria lotuta doaz
Argizariarekin arazo bat sortzen da eta kutsadura haundiarekin dagoela da. Bizirik irauteko gero eta arazo gehiago duen intsektua da erlea. Varroa izeneko akainak erleei kalte handia egiten die. Erlauntzak urtean behin tratatzen dituzte bizkarroiaren aurka. Varroa 1980 inguruan hasi zen sartzen Euskal Herrian.
Ordutik, ugalduz joan da, eta azpiespezie batzuk ere sortu ditu Agustin eta Julianen esanetan. «Varroaren aurkako tratamendua egiten dugu udazkenean. Urtero berrerabili eta birziklatu egiten da eta produktu kimikoak gehitzen joan dira. Akainak oso gogorrak edo erresistenteak egiten dira eta tratamenduak gero eta indartsuagoak egin behar izaten dira. Erleei izugarrizko kaltea egiten die varroak. Guk tratamendua maila txikian egiten dugu, baina ez produkzio haundia egiten dutenak eta asko kutsatzen dute. Hortik dator argizariaren kutsadura. Hori bueltaka dabil. Argizaria behar izaten dugu, laminatuta etortzen da eta argizari horren sustraia ez dakigu nondik datorren. Produktu erasokorrenak erabiltzen dituzte varroaren aurka. Urtean bi eta hiru tratamendu egiten dituzte, guk bakarra egiten dugunean. Eztia kentzen dugunean».
Tratamendu naturalak ba omen dira esaten dute Zabalak eta Urkiolak, baina varroa akainari ez omen dio efekturik egiten. «Kimikoek ere ez diote ia egiten, pentsa naturalak zer eragin duen. Ezerrez». 80. hamarkadan agertu zen Euskal Herrian eta ordutik izugarri indartu da. «Agertu zenean izugarrizko triskantza egin zuen erlauntzetan. Ordun hasi zen tratamendua eta urte asko pasa dira. Orain badago produktu kimikoa %90ean kentzen duena. Salamankan hori erabiltzen hasi dira».
Tratamendu kimiko eta natural denak eraginkortasun oso txikia dute Varroaren aurka Julian Urkiolaren esanetan. «Edukitzeko umerik gabe egon behar du, baina klima aldaketaren eraginez ez da egoten umerik gabe. Gehiago edo gutxiago jarri jartzen du beti. Tratamendu naturalak eraginkorrak omen dira umerik ez dutenean. Orduan zer egin da? Umeak ez badituzte laukiak ateratzen dira kanpora eta arraspatu egiten da. Horrek zikloa mozten du eta orduan erlean eragina du tratamenduak eta zerotik hasten zera. Horrek suposatzen du denak egin behar dugula batera. Ez du balio batek egitea eta besteak ez, batetik bestera pasatzen baitira, eta denak batera. Orain egitekoak dira frogak Segovian».
«Azken urteetan varroak eragin izugarria du erlearen desagertzean. Erlauntza kutsatuta baldin badago erleak ihes egiten du norabiderik gabe» dio Agustin Zabalak.
«Gazteak hasten dira erle zaintzan baina zer dagoen ikusi eta askok etsita utzi egiten dute. Gastu eta oztopo asko dituzte»
Bacillus thuringiensisen oinarritutako intsektizidak ere kalte latzak
Beste arrazoietako bat botatzen diren pestizidak izan daitezke. Zabala eta Urkiolak ez dute dudarik. «Urriaren 16an hegazkin bat pasa zen pinuen procesionarien aurka bacillus thuringiensis intsektizida botatzen. Bakteria horrek ere eragina izaten du. Varroa baino zerbait gehiago izan dugu aurten. Ez da normala adibidez Larre Gainetik gora ditugun erlauntzetan %80tik gorako galerak izatea. Hori aurtengo neguan bakarrik. Lasarte aldera joanda %35a galdu dut».
Julian Urkiolak galdera bat proposatzen du. «Zergatik %45eko aldea leku batetik bestera? Erlezaina bera da, materiala bera da... zerozerrek eragin du. Lasarte aldera hurbiltzen bagera konturatuko gara ez dagoela Larre Gain aldean bezala horrenbeste pinudi. Nik ikusi nuen nola bota zuten. Kanadan botatzen omen dute eta han ez omen du eraginik, baina gurean zerbaitek eragin du».
Agustin Zabala hamabitik hiru erlauntzekin geratu da soilik. «Laurdenarekin. %75eko galera eduki dut». Gainera kaltea gauza askori eragiten dio erlezainen ustez. Lorean dago, beste intsektueri ere kalte egiten die, deneri egiten digu kalte».
Urtero %10a galtzea erlezainen kalkuluetan sartzen zen, baina aurtengoak ustekabean harrapatu ditu. «Argizarien produktuak, zerutik botatzen dizkiguten intsektizidak, varroari botatzen zaizkan produktuek eraginik ezak, klima aldaketak eta bukatzeko liztor asiatikoak. Arrazoi guzti horien baturak erleen etorkizuna zalantzan jartzen du».
«Listor asiatikoa ez da gutxitu. Alderantziz, gehitu egin da»
Liztor Asiatikoaren arazoak ere min haundia egin die erle eta erlezainei. Neguan lo egiten dute eta erregina harrapatzeko garaia orain da. «Hasierako burrunda hura pasa da, baina arazoak hor jarraitzen du. Hori hemen geratu da eta ez dago zer eginik horren aurka. Tranpak jartzen eta habiak suntsitzen gu ari gara. Saiatzen gara, baina ez dago zer eginik. Legez ezin ditugu nahi adina tranpa jarri, bestela furtibotzat hartzen gaituzte. Egia da tranpetan beste intsektuak ere erortzen direla. Lehen hiru hilabetetan uste ziguten tranpak jartzen, orain bi».
Asiako liztorrak erle ehiztariak dira Julian Urkiolaren esanetan: «Erleak polena hartzetik bueltan datozenean harrapatzen ditu erlauntzaren aurrean, eta burua kentzen die. Erlauntz baten aurrean liztor asko jartzen badira, erleak ez dira ateratzen, beldurragatik», dio Julian Urkiolak. Ondorioz, erlauntzeko hornigaiak bukatu, eta erleak gosez hiltzen dira. Hernaniko Borda baserrian ditu erleak, eta azken urteetan nabaritu du batez ere liztorraren presioa. 2005ean iritsi zen Europara, itsaso bidez: Bordeleko portura (Frantzia) kiwiak zeramatzan itsasontzi bateko edukiontzi batean ezkutatuta. Geroztik, hedatuz joan da, eta, egun, Ipar Euskal Herrira, Gipuzkoara eta Nafarroako iparraldera hedatu da.
Liztor asko dagoenez, erlezainak ezin asmaturik dabiltza. Urte desberdinak egon dira, baina komunikabideetan liztor asiatikoaren arazoa ikusten ez den arren gutxitu beharrean ugaritzen doala esan liteke. «Geratu da jada hemen. Izugarri daude eta hartu diren neurriak ez dira nahikoak izan. Alderantziz arazoa larritu egin da ez delako behar den lana egin. Tranpak jartzen eta habiak suntsitzen gu ari gara, baina ezin dugu egin eta furtibotzat hartzen gaituzte. Ixun erraldoi edo espetxean amaitu dezakegu, tranpa kopuru bat baitago ehizatu daitekeena».
Udaberria oso euritsua eta hotza izan denean, liztor erreginak kalte handia jaso izan du, eta habia txikiak eta gutxi agertu ziren, baina erlezainek uste dute urte gehienetan indarrez itzultzen dela. Izan ere, oraindik goiz da haren eragina neurtzeko. Otsailean ateratzen da lurraren azpitik, eta, batez ere, udaberri bukaeran eta udan erasotzen die erleei. «Orduan ikusiko da».
«Erlezain gehienok gure koloniaren portzentai oso haundia berritu behar dugu urtetik urtera, lehen aipatu bezala, intoxikazioengatik, liztorragatik edo udaberria txarra izan delako». Asiako liztorrak eragin kalteei kutsadura eta nekazaritzan erabiltzen diren pestizidak gehitu behar zaizkie. «Gero eta basalore gutxiago dago. Kutsadura dugu airean, lurrean eta uretan. Laborantzan erabiltzen diren produktuengatik erle asko hiltzen dira. Frantzian, koltzari edo artoari erasotzen dieten zomorroak hiltzeko, pestizidak erabiltzen dira, eta horrek ere hiltzen ditu erleak».
Gazteak hasi eta dagoena ikusten dutenean utzi egiten dute erlezaintza
Gipuzkoa leku txarra da eguraldiagatik. Eta Gipuzkoan Donostialdea txarrena. «Erleak egoki bizitzeko behar dutena duten hemen: landare asko, ura eta eguraldi ez oso euritsua», dio.
Hernanin eta inguruetan badira erlezain batzuk. Julian Urkiola, Agustin Zabala, Jexux Aranburu, Marcos Pagola... horien artean. Badira gazteak hasten direnak erlezaintzan baina etsita utzi egiten dute. «Gero eta arazo gehiago dituzte erleak mantentzeko. Nahiko etsituta daude». Gazteak ez dira animatzen. «Guk hobbie bezala dugu eta gustatzen zaigu mundu hau. Gazteek laguntza gutxi jasotzen dute eta oztopo gehiegi dituzte, gainera kostua haundia da. Erlauntza bakoitzeko 20 euro ordaintzen dizkigute».