Gero eta ezagunagoa da nekazaritza ekologikoaren kontzeptua; eta gero eta gehiago dira, baita ere, ekoizpen prozesua modu horretara gauzatzen dutenak. Eta bide horretan, konpromiso batzuk eta helburu jakin batzuk dauzkate.
ENEEKek, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, zehaztu ditu helburu horietako batzuk. Beharbada nabarmenena da, kalitate haundiko elikagaien barietate zabala lortzea, elikadurari, dastamenari, ingurumenari eta gizarteari dagokionez; hori baita nekazaritzaren funtsa. Baina ekoizpen prozesu horretan, beste hainbat helburu ere badauzka, nekazaritza ekologikoak.
Energiaren eta baliabide naturalen erabilera arduratsua, nekazaritza ekologikoak
Helburu horien artean dago, nekazal ingurunea eta naturaren zikloak errespetatzea; eta modu horretan, «lurraren, uraren, laboreen zein animalien osasuna eta haien arteko oreka babestea». Horrela, lortuko da landa eremuaren garapena iraunkorra izatea.
Eta helburuetako bat da, baita ere, energia eta naturalak diren baliabideak, nekazaritzako produkziorako beharrezkoak direnak, modu arduratsuan erabiltzea. Eta arduratsuak izatea, modu berean, nekazal produktuen manipulaziorako erabailitako metodoak, «produktuaren osotasun organikoa eta ezaugarriak gordez, etapa guztietan», dio ENEEKek.
Produktu ekologikoek, berezko ezaugarriak
Azken finean, produktu ekologikoen ekoizpenak, elikagaien berezko ezaugarriak bere horretan mantentzea bilatzen du. Hori horrela izateko, produktuaren osagai guztiek, edo gutxienez %95ak, nekazaritza ekologikoaren bitartez ekoiztutakoak behar dute izan; gehigarriak, Europako araudiak zehaztutakoak bakarrik izan daitezke; eta ezin dira erabili, elikagaien izaera zalantzan jar dezaketen teknika edota substantziak.
Hain justu, horretarako sortu zen ENEEK: Europako araudi horretan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, produktuak ekoizteari, lantzeari, inportatzeari eta merkaturatzeari dagokionez. Horrez gain, aholkulari lanak ere egiten ditu kontseiluak, eta lankidetzarako organoa da, EAEko administrazio orokorrarentzat.
Elikagai ekologikoek, etiketa bereizgarria
Hori dela eta, hainbat eginkizun dauzka ENEEKek. Horietako bat, hain justu, nekazaritzako produktu eta elikagai ekologikoak kontrolatzea. Kontrol hori, araudi europarraren araberakoa da, ezartzen dituena elikagaien ekoizpen eta elaboraziorako eskakizunak, eta azaldu inspekzio, ziurtapen eta etiketak izateko betebeharrak.
Etiketa horiek, nekazaritzako produktu eta elikagai ekologikoen ziurtagiria dira, eta bertan jasotzen da, hori ziurtatzen duen erakundearen kodea; hemengoen kasuan, ENEEKen kodea eta zigilua daramakite, hain zuzen ere. Eta beste logo bat ere izan behar dute, Europar Batasunean ontziratu diren elikagai ekologiko guztiek, derrigor: eurohostoa izenez ezaguna den europar logoa, alegia.
Hori bai, beraien nekazaritza produktuak merkaturatu nahi dituztenek ekologiko, biologiko edota organiko aipamenekin, inskribatuta izan beharko dituzte beren lursailak eta azpiegiturak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan. Horretarako, www.eneek.eus web orrian bertan egin daiteke eskaera.
Lau zutabe, nekazaritza ekologikoak
Produktu horien ekoizpenerako, beraz, nekazaritza ekologikoaren jarraibideak bete behar dituzte. Eta horiek, lau zutabe nagusitan sailkatzen ditu ENEEKek: lurra, emankortasuna, laboreen osasuna, eta bioaniztasuna eta haziak.
Hasteko, lurrean oinarritutako ekoizpen sistema bat delako nekazaritza ekologikoa, eta beraz, ezer baino lehen, lurra zaindu eta aberastu behar delako, elikagaiaren berezko ezaugarriak lortzeko. Lurraren emankortasuna, berriz, lortuko da oreka mantenduz eta bere ezaugarri fisiko, mineral eta biologikoak optimizatuz. Eta horretan, lagunduko du ongarri ekologikoak gehitzeak: simaurra, konposta edota landare hondarrak.
Hirugarrenik, eta laboreen osasuna mantenduko bada, bultzatu behar dute intsektu-komunitatearen oreka naturala, murriztuko dute ongarrien erabilera, aplikatuko dituzte gaixotasunei aurre egiteko ahalmena haunditzen duten teknikak...
Eta azkenik, erabiliko dira hazi ekologikoak, komertzialak, baina ez dira onartuko transgenikoak; eta lehentasuna emango zaie, bertako barietateei.