Astigarraga Donostiako auzo bat izatera behartu zuten 1943. urtean. Estatu mailan hartutako erabakiaren arabera, probintzietako hiriburuak zabaldu eta inguruko herriak batu behar zituzten. Desanexioa 1987an lortu zen, eta nahiz eta 44 urtez Donostiako auzo izan, gaur egun Altza edo Martutene diren moduan, Astigarragak ez zuen bere nortasuna galdu.
«EAJ izan zen, hain zuzen ere, Astigarragako desanexioa bere hauteskunde programan jaso zuen lehenengo alderdi politikoa, 1979. urtean. Nahiz eta 8 urte itxaron behar izan independentzia lortzeko, 1985eko urriaren 23an ospatutako plenoan onartu zen bereizketa, PNVk, EAk, PSEk eta PPk emandako aldeko 19 botoekin. Herri Batasunak, ordea, ezezkoa eman zion, nahiz eta 1984an egindako herri kontsultan biztanleriaren gehiengoak desnexioaren alde bozkatu».
«Bizi ditugun azkeneko 30 urteak arrazoia eman diote desanexioaren alde bozkatu zuten alderdi politiko eta bizilagun guztiei: 1990etik Astigarragak bere biztanle kopurua bikoiztu du, 3.000 biztanle izatetik 6.000 izatera heldu da aurten, 2017an. Urumea Berri eta Tranbia Ibilbideko obrak amaitzen dituztenean 7.000 biztanle inguru izango ditu. Hori posible bihurtu da Astigarragak, udal eta administrazio propioa dituelako, eta horrek aurrekontu igoera posible egin duelako», azaldu dute.
«Merezi izan du»
Hala ere, biztanleria eta hirigintza hazkundearen ondorioz, herriak ez du nortasun berezia galdu EAJren esanetan, eta «gaur egun ere Santiagomendik jarraitzen du Astigarragako gunerik preziatuena izaten». Hortaz, EAJ-PNVk Santiagomendi-Landarbaso Paisairako Ekintza Plana martxan jarri du legealdi honetan, «astigartarrak bereizten gaituena balioan jartzeko asmoz. EAJk Astigarragaren nortasunaren aldeko apustua egin du, hazkunde urbanistikoari ekitearekin batera».
EAJk dio Astigarragak duen landa lurraren eta hirigunearen arteko oreka mantendu nahi izan duela azkeneko 30 urteotan: «horregatik, egungo udal gobernuak duen proiektu estrategiko garrantzitsuenetako bat da Kontxa Etxeberria plazan kultur etxe berria eraikitzea. Gaur egungo kultur etxea desanexioaren ikurra izan zen, eta eraikin berria gure herriaren hazkundearen konfirmazioa izango da, beti ere, Astigarragaren sustraiak mantenduz».
EAJk desanexioaren eta segregazioaren aurreneko urteetan lan egin zutenei eskerrak eman nahi dizkie, «bereziki duela gutxi utzi gaituzten Juan Martin Arregi eta Emilen Arzallus zinegotziei. Biek Astigarragaren aldeko lan nabarmena egin zuten bere garaian. Zorionak guztioi Astigarragak bizi dituen 30 urte hauengatik. Emilen Arzallusek desanexioaren 20. urteurrenaren harian emandako elkarrizketan esan zuen bezala, dexanexioak merezi izan du».