Nork bere txikitasunean ere, badauka hamaika aukera, ingurugiroaren zaintzan modu arduratsuan jokatzeko, eta konpromiso horri eusten dio Kronikak, tokiko hedabidea izanik ere.
Besteak beste, errotatiban inprimatzen den Kronikaren paperak PEFC zigilua dauka; eguneroko Kronikak egiteko erabiltzen den multikopista Energy System programaren barruan dago sartuta; eta eguneroko Kronikan erabiltzen den tinta, soja oliotik eratorria da. Neurri txikiekin bada ere, etxeko lanak egiten hasi beharra dagoela sinesten baitu, Kronikak.
PEFC zigiludun produktuak, era jasangarrian kudeatutako basoetatik eratorriak
Mundu osoan ezaguna den zigilua da PEFC, eta erabiltzen da modu jasangarrian kudeatutako basoetatik datozen produktuak identifikatzeko eta sustatzeko. Produktu horiek izan daitezke egurra, papera, kortxoa, perretxikuak, erretxinak, esentziak...
Kronikaren kasuan, larunbatetako Urumeako Kronikaren aleak edota Kronika bereziak (gehigarri bereziak, ikasleen txokoak...) Diario de Noticiasen errotatiban inprimatzen dira, eta bertan erabiltzen den paperak zigilu hauxe dauka. Horrela, Kronikak pausoa ematen du, ingurugiroa babesteko arduraz jokatzeko.
Izan ere, zigilu hau lortu duten produktuak erabilita, zuhaitzak legez kanpo moztea saihesten da, eta baso eta oihanetako baliabideek dauzkaten funtzioak babestu eta indartzen dira: esaterako, ekosistema mota desberdinak eta aniztasun biologikoa matentzea; aldaketa klimatikoari, suteei eta izurriteei aurre egitea; eta landa lurretako mantenu ekonomikoa babestea eta eraldatze-industriaren sorrera bultzatzea.
Dagoeneko, mundu osoan 267 milioi hektareak daukate PEFC zigilua; horietatik %59 Ipar Amerikan daude, %31 Europan, %4 Ozeanian, beste %4 Asian, eta %2 Hego Amerikan.
Lehengaien jatorriari eta produkzio kateari erreparatzen dio Kronikak, ahal duen neurrian ingurugiroa zaintzeko.
Lehengaietan bakarrik ez;
produkzio katean ere bai
Errotatiban inprimatzen den Kronika, ordea, ez da egunero Kronikako bulegoan inprimatzen denaren berdina, ez formatuan eta ezta osagaietan ere.
Aste egunetan, Kronikan bertan inprimatzen dira aleak, multikopistari esker, eta hemen ere hartzen da kontuan, ingurugiroarekiko ardura. Batetik, erabiltzen den tinta, soja oliotik eratorria da, eta ez soilik, produktu kimikoetatik eratorria. Kasu honetan, ordea, lehengaietan bakarrik ez; produkzio katean ere jartzen da arreta. Izan ere, eguneroko Kronikak egiteko erabiltzen den ekipoa Energy Star programaren barruan dago.
Honek ziurtatzen du elektrizitatea modu eraginkorrean erabiltzen dela, batetik, eta bestetik, murriztu egiten dela askatzen duen gas kopurua. 1992an Ingurgiroa Babesteko Estatu Batuetako Agentziak sortu zuen Energy Star programa, elektrizitatea modu efizientean kontsumitzen duten produktu elektrikoak sustatzeko, eta modu honetan, murriztu ahal izateko zentral elektrikoen gas isurketa, egutegi efektua eragiten dutenena. Informatika alorreko produktuak hasi ziren etiketa hau erabiltzen, aurrena, eta azken urteetan, zabaldu egin da erabilpena; egun, bulegoetako ekipoetan, argiterian, edota etxe-tresna elektrikoetan ere erabiltzen da.
Neurri txikiak dira denak ere, baina denak pilatuta, ingurugiroa babesteko eragin dezentekoa izan dezakete.