Badaramazki milaka bat pauso luze luze, eta ehunka kilometro, 20garren Korrikak, ostegunean Otxandiotik abiatu zenetik. Eta milioi bat urrats ere izango dira, emanda edukiko dituenak, Urumea bailarara iristerako. Etzidamu izango da hori, asteartean.
Goizeko 11:04etan iritsiko da Korrika Hernanira, Urnietatik. Eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, Astigarragarako bidea hartuko du; 11:44etan dago aurreikusita, bertara iristea.
Arratsaldeko 17:00etan hasi zen euskeraren aldeko korrikaldi luzea, Otxandion, BatZuk lelopean. Horrekin, irudikatu nahi izan dute hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna, Bat eta Zuk hitzen arteko jolasa eginez: «hizkuntza, kultura eta mundu Bat sendotzeko bidean, Zuk ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun; ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz».
Iruñan azkeneko metroak, datorren igandean
Arabatik abiatu zen Korrika, eta zazpi euskal probintzietan barrena ibili ondoren, Nafarroan egingo ditu azkeneko metroak; Iruñan, zehazki, datorren igandean bertan. Goizeko 10:18etan iritsiko da Nafarroako hiriburura, eta 12:30etan izango da Korrikaren bukaera.
Bertara joateko, autobusa jarri dute Astigarraga eta Hernanitik, eta Goizuetatik. Astigarragako Joseba Barandiaran plazatik aterako da, goizeko 08:30etan; eta Hernanin, Atsegindegin egingo du geldialdia, 08:45etan. Txartelak 12 euroan daude salgai, Astigarragako AEKn, Ikatzan eta Zipotzan; eta Hernaniko AEKn. Goizuetatik, berriz, 09:00etan abiatuko da autobusa, plazatik; eta apuntatzeko, ostegunera arte dago epea, 5 euroan, Amaia kafetegian.
Korrika gehiago, herrietan
Baina Korrika ofizialaz gain, gehiago ere izango dira, bailarako herrietan. Hernanin, Korrika Gaztea egin zuten atzo, eta astelehenean ibiliko dira herrian barrena, haurreskolakoen Mikro Korrika, gaztetxoen Korrika Txikia eta adinekoen Dino Korrika.
Astigarragan, berriz, ostiralean egingo dute Korrika Txikia, Herri Eskolako ikasleek.
Eta Goizuetan, gaur zortzi izango da Korrika Ttikia, plazatik abiatuta, 11:00etan; izenematea, ordu erdi lehenago.