Gaur astebete itxi zuten Zinkoenea kioskoko lehiatila, azkenekoz, Juli Ayerrak eta Lourdes Leibarrek. Eta makina bat urtetako lanari esker ona adierazteko, omenaldia egin zieten herritarrek, igandean, Zinkoenean; «beraiek sentitzeko, hainbeste urtetan bezero eta lagun izan garenon gertutasuna eta beroa».
Eta horixe sentitu zutela! Juli eta Lourdes, biak emozionatu zituen, bezero eta lagunek prestatu zieten ekitaldiak. Eta bertsoak ere jarri zizkioten bakoitzari; baita koadro batean polit jarrita oparitu ere.
Gero, luntxa ere izan zuten Zinkoenea tabernan, omenaldi festa borobiltzeko eta gozatzeko. Horixe eskatu baitzieten herritarrek, bertan: hainbeste urtetan zehar lanean aritu ondoren, gozatu dezatela bizitza orain!
LOURDES LEIBAR AYERRA
Lourdes zu ere aritu
ohi zera urte luzetan,
kioskoan zenituzten
produktu denen salmentan,
bezero eta lagunen
artean harremanetan,
eta askotan umore
onean eta brometan,
Lourdes orain entzun zazu
gure esana benetan,
ta bizimodu berrian
hontaz aurrera goizetan,
despertadoreak jotzen
badu lau ta erdietan,
lotan segi goxo-goxo
aingeruekin ametsetan.
JULI AYERRA GOMEZ
Juli maitea zurekin
inoiz ez gaude ahaztuta,
hainbeste urte lanean
zintzo pasa dituzula,
baina orain betirako
lan zikloa bukatuta,
gustora biziko zera
guztiz erretiratuta,
jendea ondoan jarri
ta zuri begiratuta,
ikusten zaitugu beti
guapa eta gaztetuta,
gozatu egun bakoitza
gauzak patxadan hartuta,
Juli oraindik bizitza
luze-luzea dezu ta.