«Oso zaila dago, baina badaukagu esperantzatxoa, semifinaletan sartzeko»

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 7a, 02:00

Etxean egin beharreko lanak, ederki egin zituzten ereñotzu­arrek, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Final laurde­ne­ta­ko bigarren saioa zuten, ostiralean Ur Mia elkartean; eta huts egiterik ez zeukatenez, ez zuten hutsik egin. 15-9 ira­bazi zioten, Oñatiko Txinparta I taldeari.
50 bat ikusleren aurrean, Iñaki Zelaia, Arnaitz Lasarte eta Aritz Zerain aritu ziren bertsota, Ereñotzuren aldetik; Mikel Peruarenak egin zituen gai jartzaile lanak; eta Julen Iriondo, Unai Erroitzenea eta Amaia Otxotorena aritu ziren epaile gisa. Oñatiko taldeak, berriz, Urko Egaña, Andoni Goitia eta Joseba Lasagabaster jarri zituen kantari.

Oñatiren menpe Ereñotzu, aurrera pasatzeko
Eta hain justu, Oñatiko bertso­lariengan jarrita dauzkate be­raien esperantzak, ereño­tzua­rrek, txapelketan aurrera egi­te­ko. Izan ere, Oñati eta Aste­a­su-Zizurkilen artekoa izango da azke­ne­ko saioa, multzo ho­netan; eta Ereñotzuk behar du Oñatik irabaztea, taldeko buru bukatu eta semifinaletara pa­sa­­tzeko. Igandean daukate saioa, 14:00etan Oñatin.
Baina ez edozein emaitza­rekin, gainera. 14-10 edo 15-9 ira­bazi beharko lukete oñatia­rrek, horretarako. Izan ere, au­rreneko saioa galdu egin zuen Ereñotzuk, Asteasu-Zizurkilen kon­tra; eta horrela, berdin­ke­ta hirukoitza izango litzateke. 
«Oso zaila dago, baina ba­da­ukagu esperantzatxoa, hori gertatu eta gu semifinaletara pasatzeko», azaldu dute ere­ño­­tzuarrek: «edozein kasutan, gustora gaude eginda­koa­re­kin. Pixkanaka hobetuz joan gara txapelketan zehar, eta giroa ederra izan da saioetan».

Iker Ormazabal eta Andoni Mujika ondo, Eskolartekoan
Beste zita garrantzitsu bat ere izan zen asteburuan. Eskolar­te­koaren finala jokatu zuten Andoni Mujika eta Iker Orma­zabal hernaniarrek, eta ondo ari­tu ziren biak. Hori bai, bu­ruz buru­ko­an, txapelaren lehian, ez zuten sar­tze­rik izan. 
Ormazabalek aurreneko fi­nala zuen, baina lasai ari­tu zen, finalaz gozatzen. Muji­kak, berriz, azkenekoa zuen Eskolartekoan, eta txapelaren lehian ibiltzeko asmotan joan zen, baina zortea ez zuen lagun izan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!