Larunbatetik aurrera, Aste Nagusiari ekingo diote donostiarrek. Abuztuaren 20ra bitarte, makina bat ekintza eta kontzertu izango dira eta urtero bezala, hernaniar mordoxka gerturatuko da bertara. Hori horrela, autobus eta tren zerbitzu bereziak izango dira Donostiara joan-etorria egiteko. Besteak beste, gaueko zerbitzua eskainiko dute autobus urdin eta gorriek, eta Renfek.
Autobus urdinetan,
aukera zabala
Garayar konpainiako autobus urdinekin Donostiara joateko, 15 minuturo izango dira autobusak, goizeko 02:00ak arte (Urnietatik aterako da 22:15etatik aurrera). 02:00etatik 06:00ak arte, berriz, ordubetero izango da autobusa. Aieteko lineako autobusa izango da.
Donostiatik Hernanira eta Urnietara itzultzeko ere, 15 minuturo izango da autobusa 02:30ak arte. Eta ordu horretatik aurrera, 06:30ak bitartean, ordubetero.
Irteera lekuari dagokionez, Donostian aldatu egingo da. 21:30etatik 00:15ak arte, San Bartolome kaletik aterako da autobusa (Haway); 00:30etatik aurrera, berriz, Okendo kaletik.
Horrez gain, larunbatean, igandean eta astelehenean, asteburua eta Amabirjin eguna izaki, zerbitzua zabalagoa izango da, bai Hernanitik Donostiara, eta baita Donostiatik Hernanira ere. Orduerdiro izango dira autobusak, 02:00etatik aurrera.
Autobus gorriak, orduro, gauean zehar
Areizaga konpainiako autobus gorriek, Aste Nagusiak iraun bitartean, eguneko zerbitzuak zabalduko ditu. A1 lineako autobusa, hau da, Hernani-Astigarraga-Martutene-Donostia, 22:15, 22:30 eta 22:45etan ere egingo ditu irteerak eta Donostiatik itzultzeko, 01:00ak arte egongo dira eguneko autobusak.
Horrez gain, gaueko zerbitzua egongo da. Hernanitik Donostiara joateko, orduro izango dira autobusak, 23:00etatik 06:00etara, eta Donostiatik itzultzeko ere orduro izango dira, 23:30etatik 05:30etara.
Bestalde, jakinarazi dute, Aste Nagusian, A1 eta A2 lineetan, Urbieta kaleko paradarik ez dela izango 21:30etatik 00:00etara.
Trenez ere, aukera
Trenez ere izango da Donostiara joan-etorria egiteko aukera. Joateko, azken trena, 22:56etan abiatuko da Hernanitik. Donostiatik bueltatzeko, berriz, gaueko azken trena 23:30etan izango da eta ordu horretatik aurrera, gaueko zerbitzuak honakoak izango dira: 00:15, 01:15, 02:50, 03:50 eta 04:50. Goizeko lehenengo trena 06:35etan abiatuko da.
Larunbatetik aurrera, festa
Aurrez esan bezala, Donostiako Aste Nagusia larunbatean hasiko da; egitarau ofizialaren kasuan, 19:00etan, kanoikadarekin, eta piraten kasuan, 22:00etan, txupinazoarekin. Bien kasuan, ekintza eta kontzertu ugari izango dira.
Egitarau ofizialaren barruan, ez dira faltako, su artifizialak, umeentzako jolasak eta tailerrak, kirolak, antzerkiak, bertsolariak... eta kontzertuak. Gose, Marta Sanchez, Berri Txarrak, Def con dos, Su ta gar, Esne Beltza, Zea mays, Melendi eta Celtas cortos izango dira, besteak beste.
Piratek, bederatzi eguneko festa antolatu dute, ohi bezala, egun bat luzatuta. Abuztuaren 21ean bukatuko dute Aste Nagusia, Irrikitaldiarekin. Aurretik izango dira, txupinazoa, erromeria eguna, gazte eguna eta abordatzea, umeen eguna, jolasen eguna, folkeguna, koadrilen eguna eta atseden eguna. Kontzertuei dagokienean, izango dira, Bongo Botrako, Reincidentes, Skakeitan, Gaueko itzalak...