Kiloterdiko tomate puska, bergaretxetarrenean

Kronika - Erredakzioa 2011ko abu. 9a, 02:00

1.528 gramoko tomatea bildu dute bergaretxetarren baratzan. 120 tomate-landare badituzte, baina hainbeste haundiko piezarik ez omen dute inoiz izan.

«Bost bat lagunentzako en­tsalada ederra osatu liteke tomate honekin» hala dio Joxe Mari Bergaretxek, bara­tzan bildu duen 1.528 gramoko tomatea eskutan due­la. Alaba (Eli) eta biak gustora daude uztarekin, eta ez da gutxiagorako. Ez dira asko izango gisa honetako pieza bildu ahal izan duten bara­tzagileak.

120 tomate-landare
Kilo bateko piezak dezente ikusi izan dituela dio Joxe Marik, baina horrenbestekorik ez du inoiz izan. Lehen Otsua-enean (jaiotetxean) be­ti ezagutu izan omen du baratza, eta orain Eliza­txon egiten du, futbol zelai inguruan. Beste hainbat landarerekin batera, urtero jar­tzen du to­matea ere. Aurten 120 bat landare omen ditu, lagunek eman­da sartuak. «Barie­tate asko dauz­kagu: normalak, uda­re mo­du­koak, eta haundi hauetakoak. Lan pixkat badute, eta lagun bat eta biok aritzen gara bertan, ahal dugun guztian: landarea sartu, lotu, kimatu, sulfatatu... Etxekoek ere laguntzen didate, Elik ere bai, baina estimazio haundiagoa egiten diote platerean! (parrez)».
Aurten tomate urte ona da. Azken hileko eguraldiak herdoitu ditu landare ba­tzuk, baina gehientsuenak salbu omen dira Elizatxon. Horrenbeste kontu eginda gero, orain, jateko garaia da, eta horretan etxean dezente ondo moldatzen omen dira gehienak. Horrelako piezak izanda, ez da harritzekoa!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!