Aranoko Santioak bukatu eta bi asteren buruan, San Roke eguneko festa izango dute aurten ere, abuztuaren 16an. Dena prest dute antolatzaileek, egun guztiko festarako, eta beti bezala, txistulariak izango dira protagonista, eta baita inguruko herrietatik inguratuko diren ehundaka lagun ere.
Hernani, Donostia, Ereñotzu, Urnieta...
eta abarreko bisitariak
Bisitari asko izaten dira urtero San Roke ermitan, goizeko 11:00etako meza entzutera joaten direnak. Txiki geratuko da aurten ere San Roke, Arano eta inguruko herrietatik jendetza inguratzen delako: Hernani, Donostia, Ereñotzu, Urnieta, Goizueta, Errenteria, Oiartzun, Andoain eta abar.
Txistulariak ere herri askotatik inguratzen dira Aranora, eta bereizgarri bihurtu dira egun osoko festan: Bartzelona, Iruña, Lekeitio, Areso, Hernani eta Aranoko bertako txistulariak izango dira aurten ere.
Antsorenatarrak oinez
joaten ziren txistua joaz
Antsorenatarrak edo Zubillaga txistularia urtero joaten omen ziren Aranora mendiz, txistua joaz, San Roke eguneko festara. Haiek utzi zutenean, txistularirik ez, eta Txobito zenak heldu omen zion ohiturari, eta Aranoko Xabier Narbartek lagundu zion lantegi horretan (aurten ere han izango da urtero bezala, Bartzelonatik etorrita). Horregatik, txistuak badu leku berezi bat egun honetan, eta aurten ere hasiera, bukaera eta tarteko giroa beraiek jarriko dute.
Erakustaldia, San Martingo kanpaiekin
Txistulariez gain, ordea, izango da bestelako festarik ere San Roke egunean. 10:30etan, adibidez, Aranoko Antonio Ezeizak erakustaldia emango du San Martin parrokiko kanpaiekin, urtero bezala. Ermitan meza entzun 11:00etan, eta pelota partidu ederra izango da, etorkizuneko pelotari izango diren gazteen eskutik.
Bazkaria, eta bazkal-oste luzea izaten dute urtero, Kontzejuan. Azken urteetan bezala, Segurako Abesbatzako kideak izango dira bertan, eta ahotsik finenak eramango omen dituzte aurten ere. Festa bukaera Agur Jaunak kantatuaz egingo dute, arratsaldeko 19:30ak aldera.
Egitaraua
- 10:15 Txistulariak Plazan.
- 10:30 Aranoko San Martin parrokiko kanpai-jotzea, Antonio Ezeizak.
- 10:40 San Roke ermitara irteera
- 11:00 Meza San Roke ermitan, Esteban Irurzunen apaizak.
- 12:00 Pelota partidua promesa gazteen eskutik.
- 13:30 Kalejira, herrian barrena.
- 14:30 Herri bazkaria Kontzejuan.
- 19:00 Kalejira
- 19:30 Festa bukaera, Agur Jaunak kantatuta.