Fabréges laku aldamenetik joango gara Lurien mendira, bailarako mendirik erakargarrienera, Midi d’Ossau famatuaren ondoren. Inguru honetako beste bereizgarri bat da, tren turistiko bat, Le Petit Train d’Artouste, munduko tren turistikorik altuena. Paraje horretan egingo dute Mendiriz Mendiko kideek irailaren 17 eta 18ko asteburua.
Ibilbidea
Fabréges lakua igaro eta pixka bat aurrerago Arrious errekak sortzen duen bailaratik gora egin behar da. Ibilbidearen hasiera Caillou de Soques izeneko lekua da (1.400m) eta Arriouseko leporaino (2.260m) igo behar da. Bidea oso lasaia da, jende gutxik erabiltzen baitu. Hasieran, baso barruan, bideak gogor egiten du gora, eta 1.600 metrora iritsita, basoa utzi eta goi-soroetan sartuko gara. Itzala aurkitzeko aukerarik gabe, gora egin behar da, erreka eskubian dugula, beti gure alboan, lepora iritsi arte.
Arrious lepotik behera egingo dugu Artoust ertzeraino.
Artousteko lakua inguratuko dugu ezkerreko ertzetik, urtegiaren hormara iritsi arte. Hemendik Artousteko trentxoaren geltokira jaitsi ordez, ezkerrera egiten duen bidezidorra hartuko dugu. Bideak hasieran ipar aldera jotzen du, baina gero norabidez aldatu, eta mendebaldera.
Ia aldaparik gabeko tarte bat igarota, Luriengo lepora igoera gogorra dugu. Lepoa baino lehen, glaziar txiki batek sortutako bailara batetik pasatuko gara. Aurrean Lurien lepoa (2.342m) dugu. Aldapa belartsu batetik, berehala gara bertan.
Gailurra lepotik ezkerrera (hego aldera) dago. Hartxingadi batean gora egin behar da. Bidea ondo markatua dago mugarrien bidez. Igotzen hasi eta berehala, eskubira, behera begiratzen badugu, Lurien lakua ikusiko dugu. Hortik jaitsiko gara gero.
Hartxingaditik gora jarraitu behar da hormatxo batekin topo egin arte. Horma horretan 5 metroko eskalada txiki bat egin behar da une batean. Ez da oso zaila, euste-leku asko dituelako eta arroka ona delako. Zati hau gainditu, eta berriro ere bidetxurra agertzen da. Bidetxur horrek gailurreko arroketaraino eramango gaitu. Kresta erraz eta zabal bat pasata, tximini motz eta erraz batera iritsiko gara. Hori da ibilbideko azken zailtasuna. Hortik gailurrera (2.826m) kresta txiki bat dago, erraza.
Gailurretik paisaia ikusgarria da. Mendebaldean: Midi d´Ossau; Hego-ekialdean: Arriel, Balaitous eta Palas; Hegoaldean: Tendeñera eta Telera; Iparraldean: Amoulat eta Ger; Ipar-mendebaldean: Sesques.
Lurieneko lepora itzuli behar da igo garen bide berdinetik. Lepotik, Lurien lakura jaitsi eta eskubitik igaroko dugu. Hemendik Fabréges lakura jaisten hasiko gara ganadua bazkan aritzen den soroetan barrena. Lurieneko borda pasata, basoan sartuko gara. Basoan behera, atsedenik gabe, errepidera iritsiko gara eta eskuinera eginda, Fabrégeseko aparkalekua dugu.
Historia pixkat: ‘Le Petit Train...’
- Ossau eta Azun bailaren artean Pirineoko linea nagusitik iparrera, bi mendi lerro bereizten dira:
1) Palas gailurretik Gourettera doana da.
2) Lurien gailurretik Sagettera doana: Lurien mendia horko gailurrik garaiena da. Horma bertikalez inguratutako mendia, eta Artousteko lakutik 800 metrora du gailurra. Hori dela eta inguruko jendearentzat, Midi d´Ossau ondoren, bailarako mendirik erakargarriena da.
- Inguru hauetan famatua den Le Petit Train d´Artouste dago. Tren bat da, ia 2.000 metroko altueran ibiltzen dena. Trena oso txikia da eta jostailuzkoa dirudi, baina Europako ibilbide turistiko altuena egiten du. Europan bi trenek soilik gainditzen dute altueran.
- 1924. urtean La Compagnie des Chemins de Fer du Midi delakoak, energia-iturri berriak zabaltzeko nahian, Artousteko urtegia egiteko asmoa hartu zuen, inguruko zentral hidroelektrikoak hornitzeko asmoarekin. Trenbide hori egin zen gizonak, erregaiak, janaria eta abar eramateko.
- Zortzi urtetan zehar milaka gizonek lana egin zuten urtegi eta lurrazpiko kanalak eraikitzen. Lanak amaitu eta gero La Compagnie des Chemins de Fer du Midi delakoak erabaki zuen eraikin eta egiturak turismorako erabiltzea.
- Egunean zehar 10 tren baino gehiago ibiltzen dira gora eta behera. Trenaren abiadura batez beste 15 km/h-koa da eta ibilbideak 10 km luzera du. Ibilbidea Sagett geltokian hasten da eta 50 minutu irauten ditu.
BEHARREZKOAK:
- Distantzia: 15 km.
- Denbora: 8-9 ordu.
- Desnibela: 1.700 m.
- Gailurrik altuena: Lurien (2.826 m).
- Zailtasuna: Desnibel haundia. Egoera fisiko onean egon behar da.
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
- Non dago: Artouste bailara (Frantzia).
- Nola iritsi: A8 autopistan Behobiara eta handik Baionara. A64 autopistan Pau aldera hartu. Pau inguratu eta Espainiara doan N134 hartu. Gan herrian, Laruns aldera D934 hartu. Portalet aldera hartu, eta Gabas herrian dago aterpea.
- Noiz: Irailak 17-18.