Mohamed salem, Bujari, Tfarrah, Abdalahi, Fatma eta Fatimetu abuztuaren 23an itzuliko dira Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetara, Hernaniko familiekin bi hilabeteko oporraldia pasa ostean. Eta joan aurretik, behar bezalako agurra jasotzeko, agur festa izango dute abuztuaren 12an, hau da, ostiralean.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera hasiko da festa. Hasteko, haur jolasak izango dira eta ondoren txokolatada eta afaria. Festari amaiera, kontzertu batekin emango zaio. Oreka TX taldeak eta Aziza Brahim musikariak joko dute. Guztia Tilosetan izango da (eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegin izango litzateke festa).
Festa, herritar guztiei zuzendua dela azaldu dute Oporrak Bakean egitasmoko arduradunek eta haur, gazte nahiz helduei gonbitea luzatzen diete animatu eta parte hartzeko.
Afariko txartelak, salgai
Festa guztia dohainik da, afaria izan ezik, eta afaltzera joan nahi duenak txartela erosi behar du, aurrez. Txartelak salgai daude honako tabernetan: Oindi, Akeit eta Garin. Prezioari dagokionean, haurrek 5 euro ordaindu behar dituzte eta helduek 10 euro.
Kultura, herri eta pertsona
ezberdinak elkartzeko bidea
Oreka TX taldea, 1997an sortu zuten Harkaitz Martinezek eta Igor Otxoak eta 2001ean kaleratu zuten estreineko diskoa: Quercus endorphina. Eta, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo batez ere ezagun egin dira, Nomadak TX proiektuarekin.
Martinezek eta Otxoak osatutako Oreka TX taldea, Hernanirekin lotura haundia duen taldea da, Martinezek Hernanin ikasi baitzuen txalaparta jotzen eta emanaldi bat baino gehiago emanak dira bertan. Beste behin ere, kultura, herri eta pertsona ezberdinak elkartzeko bidea jarriko digute, txalapartaren bidez, eta zeregin horretan, Aziza Brahim abeslari eta perkusionista saharauiaren laguntza izango dute. Lehendik ere eman izan dituzte kontzertuak elkarrekin, Nomadak TX proiektuaren barruan.
EGITARAUA - Abuztuak 12
17:00etan, haur jolasak
18:30etan, txokolatada
20:30etan, afaria
22:00etan, kontzertua:
Oreka TX eta Aziza Brahim
* Txartelak salgai, Oindi, Akeit eta Garin tabernetan