Uztailaren 18tik 29ra, udaleku ibiltariak izan dira 12-15 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Dobera Euskara Elkarteak antolatu ditu, lehenengo aldiz, Ttakun Lasarteko Kultura elkartearekin eta Berbaro Durangoko elkartearekin elkarlanean eta arrakasta haundiko egitasmoa izan da, Nagore Zubeldia Doberako arduradunaren esanetan. Hori horrela, datorren urtean ere izango dira udalekuak.
Lasarte, Durango eta Hernaniko elkarteetan izena emandako gazteek hartu dute parte udaleku ibiltari hauetan. Guztira, 92 gazte, 10 monitore eta 2 sukaldari ibili dira. Hernanin izena eman dutenak 26 izan dira eta horietatik 3 Billabonakoak ziren, 2 Donostiakoak eta 3 Elgoibarrekoak. Hernaniko begiraleak, berriz, hiru izan dira: Maialen Diaz de Zerio, Ane Iturbe eta Ane Iradi. Azken hori praktiketan ibili da.
Gazteen jarrera, oso ona
Uztailean protagonistarik egon bada, euria izan da eta eguraldiak asko eragin die programazioan. Dena dela, begiraleak oso gustora daude udalekuetan bizitakoarekin: «Gazteak oso ondo portatu dira. Kristoren taldea izan da eta izugarri ondo pasa dugu nahiz eta eguraldi ona ez egin. Eguraldi ona egin izan baligu…».
Gazteen jarrera oso ona izan dela azpimarratu diote Kronikari eta horren adierazle da begiraleei idatzi zieten gutuna. «Eguraldiarekin genituen arazoak ikusita, karta bat idatzi ziguten esanez, nahiz eta eguraldi txarra egin oso ondo pasatzen ari zirela eta lasai egoteko. Oso emotiboa izan zen».
Begiraleek eta Doberako arduradunak, oso esperientzia positiboa izan dela azaldu dute, gazteei begira: «Gazteek sekulako harremana egin dute euren artean. Udalekuetatik bueltan, hiru bat aldiz edo geratu dira dagoeneko, eta Aste Nagusirako planak egiten ere ari dira».
Bidartetik Hondarribira, etapaz etapa
Udaleku ibiltariak izenak dioen bezala, gazteak Bidartetik Hondarribira joan ziren oinez, etapaz etapa.
Lehenengo egunean, Bidartetik Ziburura joan ziren. Etaparik luzeena izan zen. Gutxi gorabehera, lau orduz ibili ziren, euritan, geldialdi txiki bat eginda bakarrik. Bertan, lau gau pasa zituzten, berez, Donibane Lohitzunera joatekoak ziren bertako gaztetxean lo egitera, baina gaztetxean kontzertuak zeudela eta, ezin izan zuten. Ziburun egindako ekintza nagusia, fly-flish izan da. Itsaso zabalean, zodiak bati lotuta, koltxoneta batean ibili ziren eta oso ondo pasa zutela diote begiraleek.
Hurrengo etapa, Ziburutik Urruñara izan zen. Ordu pare bat inguru ibili ziren. Urruñako frontoira iritsi eta bertan bazkaldu zuten. Ondoren, Oihana abentura parkera joan ziren, eguraldi ona egiten zuela aprobetxatuta. Zuhaitz parkean, tirolinetan-eta ibiltzeko aukera izan zuten. Ezintasuna duen gazte bat ere ibili da udalekuetan eta zuhaitz parkean ibiltzeko aukera izan zuen bertako monitoreekin, baita surfean ere, Hendaian. Urruñako eskolan gaua pasa eta hurrengo egunean, bertso bazkaria egin zuten Sustrai Colina eta Odei Barroso Urruñako bertsolariekin.
Bazkalostean, Hendaiarako bideari ekin zioten gazte eta begiraleek. Kasu honetan, hirugarren etapa, arratsaldez egin zuten. Lau bat ordu behar izan zituzten Hendaiara iristeko. Berez bi orduko ibilia zen, baina lokatza eta euria tarteko, atzeratu egin ziren. Neka-neka eginda iritsi ziren denak eta afaldu eta lotara joan ziren zuzenean.
Hurrengo egunean, eguraldiak lagundu ez arren, gazte eta begiraleek euren espedizioarekin jarraitu zuten eta laugarren etapari ekin zioten, Hondarribiaruntz. Hondarribian kanpina zuten lotarako leku, baina eguraldi harekin kanpinera ezin zutela joan ikusita, alternatibak pentsatzen hasi ziren begiraleak. Azkenean, bilatu zuten konponbidea: Iruneko frontoian hartu zuten ostatu. Bertan, Gaubela egin zuten, besteak beste. Hurrengo egunerako ere bilatu zuten aterpea Irunen. Hain zuzen, Irungo Bentan. Bertako auzo elkarteak lekua utzi zien lotarako.
Eta azkenean, eguzkiak ateratzea erabaki zuen eta Hondarribiko kanpinera joan ziren, falta ziren egunak pasatzera. Azken egunak oso ondo pasa zituztela diote begiraleek: arropa lehortu zitzaien, hondartzara joan ziren, eguzkia hartu zuten, surfean ibili ziren... Azken hori, Hendaian egin zuten, Hondarribiatik barku batean joanda.