«Istorio gogorra dek»
Txirritaren bertso bat da, istorioari buruzko testigantza idatzi bakarra. Oiarbidek berehala kantatu digu, telefonoz deitu diogunean: «Istorio gogorra dek oso. Bertso bat ziok horri buruzkoa, Txirritarena (aldameneko koadroan)». Esplikazioa ere erantsi dio Oiarbidek. «Gure aitak esaten zian, ahuntza mudatzera joan zan emakumea Iturraldekoa izango zela; auskalo, hori ezin diagu jakin. Ahuntza katean lotuta egoten dek, ez alde egiteko, eta inguruko belarrak garbitzen dituenean, lekuz aldatu behar izaten dik. Horretara igoko huan emakume hura, eta haurra nonbait utzi behar... Harkaitz hartan utzi, eta ahuntzetara joan zenean, arranoak eraman omen zioken... Orduz gero, horrela deitzen zaiok: Haurra galdu zan harriya».
Akola mendiaren
hegoaldeko magalean
Bide-lagun apartekoa izan dugu Oiarbide, harri famatuaren bila joateko. Izan ere, nuntsu den gehienek dakite, baina harako bidea egiten ez da hain erraza izan. Oiarbidek Akolako lagun baten bidez atera du harako arrastoa. Goizeko 09:30etan egin dugu zita, Ereñotzun. «Alkatxuindik barrena joango gaituk. Han artolatarren bat bada, seguru esango ziguk».
Alkatxuingo baserrian hiru senide eta koinatua aurkitu ditugu lanpetuta, oilasko lumatzen, eta Patxik esplikatu digu zehatz, nondik joan behar dugun. «Neronek lagunduko nizueke, lantegi honetan ariko ez bagina. Erreza daukazue. Baserri gaineko lehenengo pista hartu, eta bost bat minutura, bideak eskubira behera egiten duenean, zehar-zehar bidetxur lege bat abiatzen dek; lehengo gurdi-bide zaharra dek hori. Horri segi, eta iturri batera iritsiko zerate; hor, begiratu ezkerretara, gora. Horixe dek harriya».
Akola mendiko hegoaldeko magalean dago harkaitz haundi hori, basoan izkutatuta, bere punta zorrotz eta guzti. Joanekoa bezain gozoa izan da bueltako bidea. Ereñotzuko kontu zaharrak kontatuz egin dugu buelta; tartean, Latxeko fabrika... baina hori, hurrengo atalerako utziko dugu...
Txirrita bertsolariak kontatzen du bertso batean, Ereñotzun oraindik bizi-bizirik dagoen istorioa:
Andre gazte bat mixerablia
auntz kontura etorriya;
umia zeukan seaskatxuan
zarpa tartian jarriya...
Urdaburutik sartu zitzaion
tranpan arrano gorriya;
arrapatu ta eraman ziyon
ai! ura aren larriya!
Orain argaitik deitzen diogu
‘Aurra galdu zan arriya’
Joxe Manuel Lujanbio Txirrita