erlezainek borroka bat gehiago daukate hemendik aurrera. Asiatik sartu den liztorrak bertan geratzeko asmo guztia dauka, eta ederki egokitzen ari da. Edozein zomorro jaten omen du, baina batez ere, erleei erasotzen die. Vespa Velutina iaz sartu zen iparraldetik Gipuzkoara, eta sekulako abailan ari da zabaltzen. Irun eta Hondarribian plaga bat dela adierazi dio Kronikari Julian Urkiola erlezainak. Hernanin bost kabi bilatu dituzte, dagoeneko, eta konfirmatu dute, Oñatin ere kabi bat bilatu dutela.
Azkeneko kabia, Ereñotzun
Erlezainek bilatu duten azkeneko kabia Ereñotzun zegoen, erreka bazterreko txabola batean. Jexux Aranburu eta Agustin Zabala erlezainek kendu zuten, gauez joanda. «Ahal bada, gauez kentzea komeni da, liztorra barruan eta geldirik dagoela», adierazi dio Zabalak Kronikari. Zabalak berak ere badu kabi bat harrapatua bere etxean, baina kabia bukatu gabe zegoen, artean.
Julian Urkiolak kendu ditu beste hiru kabiak. Horietako bat Santa Barbaran, bertako bizilagun batek deituta. Etxe ondoko arbusto tartean zegoen kabia, ondo izkutatuta (ikusi argazkia).
Erleei erasotzen hasiak dira Hondarribian
Badirudi oraindik gutxi mugitu direla Hernani aldean, eta oraindik erle gutxi hil dituzte hemen. Hondarribian eta Irunen, ordea, sekulako plaga dago, eta hango erlezainek etengabeko borroka daukate. Urkiolak bere begiekin ikusi du Hondarribiako kasua. «Han plaga bat da. 6 kabi kendu dituzte Jai Zubiako golf ondoko zonalde horretan. Ni bertan ari naiz orain, eta hiru egunetan 68 liztor bota ditut eskuarekin jota, momentu batean. Erlea harrapatzen ere ikusi dugu. Airean geldik dagoela goitik behera jotzen du kolpea; erlea harrapatu eta behera eramaten du, arbola ipurdi batera-edo. Han lepoa mozten dio aurreko besoekin helduta».
Erreginak harrapatzen hasi ziren udaberrian (80-90 harrapatu zituzten Hernanin; 253 Gipuzkoan), eta udaran kabien bila ari dira erlezainak. Kabi haundiagoak egiten orain hasiko omen dira, eta udazkenean asko ugaldu litezke. Herritarrei ere dei egin diete, ezer ikusten badute, abisua pasatzeko.