«Interneteko konpetentziaren aurrean, guk beste abantaila batzuk eskaintzen ditugu eta arazoei erantzuteko hemen gaude»

Kronika - Erredakzioa 2011ko abu. 2a, 02:00

Udan bete-betean sartuta gaude eta oporrak aprobe­txa­tuz, bidaiaren bat edo beste egitekotan izango da bat baino gehiago. Nora joan erabaki ondoren, nola egin ahalik eta merkeen izateko? Helburu horrekin, jendeak gero eta gehiago jotzen du internetera, txoiloen bila, eta horrek eragina izan du betiko bi­daia agentzietan.
Dena dela, bidaia agen­tziek badituzte beraien abantailak eta horiek azaldu dizkio Begoña Lujanbio Hernani Bidaiakeko arduradunak, Hernaniko Kronikari. «Ho­rren aurrean guk zerbait gehiago eskaini behar dugu, eta eskaintzen dugu. 20 urte daramazkigu, esperientzia dugu, eta beste abantaila ba­tzuk eskaintzen ditugu».
Esaterako, argi utzi du, arduratsuak direla, eta be­raien esku dauden arazoei erantzuten dietela: «zenbait arazo sortu litezke inork kontrolatzen ez dituenak; guk ere ez: esaterako, laino toxikoak, grebak... baina gainerako arazoen aurrean guk eran­t­zun egiten du­gu. Nor­berak internetez hartutako bidaia baldin bada, ordea, norberak moldatu behar du gauzak espero bezala atera­tzen ez direnean». Azken or­duan atzera botatako erreserbekin egin beharreko tramiteak ere beraiek egiten dituzte. Eta horrez gain, abantaila haundi bat ere azpimarratu du Lujanbiok: «Interneten, normalean, erreserba eginez gero, erosi egin behar izaten da. Guk, ordea, erreserba egin eta denbora jakin batean blokeatzeko aukera dugu. Bezeroak ondo pentsatzeko aukera du erosi aurretik».

Askotan, prezio berdinak
Prezioetan hainbesteko aldea dagoen galdetuta, zenbaitetan baietz dio, baina askotan ez dela hainbesteko alderik izaten. «Askotan prezio berdinak ere lortzen ditugu. Abuztuan, esaterako, interneten antzeko dago».
Hernani Bidaiak agen­tzian nahiago dute bezeroarekin zuzenean hitz egin eta bidaiari buruzko aholkuak eman, baina garai berrietara   egokituta daude eta interneten ere ikusi daitezke bertako eskaintzak: www.bidaibila.com eta www.hernanibidaiak.com.

Aurtengo berezitasuna, Mendebaldeko Kosta
Lujanbiok azaldutakoaren ara­­bera, hernaniarrak aurten ere, batez ere Mediterraneo aldera joan dira oporretan, hala nola, Salou, Cambrils, Benidorm, Peñiscola... Irlek ere arrakasta izaten jarraitzen dute: Kanariar irlak, Menorca, Ibiza, Mallor­ca... Kruzeroza­leak ere badira Her­nanin. Ho­rrez gain, Euro­pa erdialdera eta Londresera bidaiatu dute askok, hegaldi merkeak lortu dituztelako. Ma­deirara, be­rriz, hegaldi zuzena dago Bilbotik eta de­xente izan dira oporretarako helmugatzat har­tu dutenak. Dena dela, aurtengo berezitasuna, Ame­ri­­ketako Estatu Ba­tuetako Mendebal­deko Kosta izan da (Los Angeles, Las Ve­gas, San Francisco...). Bertara, 9 egunetarako joateko aukera egongo litzateke, 2.000 euro inguruan.

Hernanin,
ostatuak betetzen

Hernaniarrak kanpora doazen bezala, kanpotarrak ere etorri dira Hernanira. Horren berri izateko, Pardiola nekazalturismoa, Txintxua hotela eta Arrobi eta Zinkoenea ostatuekin hitz egin du Kro­nikak.
Orokorrean gustora dira Hernaniko ostatuetako arduradunak. Pardiolan, esaterako, ez dute lekurik eta ia egunero 30 inguru pertsona dabilzkite. Gainerakoetan le­kua bada oraindik, baina betetzen joatea espero dute.
Gaineratu dutenez, aurten, azken momentuko erreserbekin ari dira funtzionatzen gehiago. Arrobi eta Zin­koenea ostatuen kasuan, gainera, langileak gehiago dabiltza tu­ristak baino, in­guruko obrak direla eta. Tu­risten jatorriari dagokionean, gainerako urteetan bezala, katalanak eta madrildarrak dira nagusi. Galiziatik ere etorri dira asko.
Bestalde, uztailaren 29an Bon Jovi-ren kontzertua izan zen Donostian eta horrek ere eragina izan duela nabarmendu dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!