Urtero bezala, Hernaniko Udalak udaleku irekiak eta kirol udalekuak antolatu ditu uztailan zehar. Aurten, denera, 700 haur inguruk hartu dute parte eta arduradunak oso gustora daude lortutako emaitzarekin. Azken urtean, batez ere, kirol udalekuak indartuz doazela azaldu dute eta balorazio oso positiboa egiten dutela. Helburua, hobetzea izaki, urtetik urtera moldaketak egin eta zenbait ekintza aldatzen saiatzen direla ere gaineratu dute.
Udaleku irekietan,
gai ezberdinak lantzen
Udaleku irekiak 3-10 urte bitarteko haurrentzako izan dira eta ekainaren 29tik uztailaren 22ra bitarte, astelehenetik ostiralera, goizero-goizero, 600 haur inguru ibili dira guztira. Begiraleak, berriz, 73 izan dira. Iaz bezala, ezintasunen bat duten haur batzuk ere parte hartu dute aurtengo udaleku irekietan, eta animatzen direnak gero eta gehiago izanik, arduradunak oso pozik agertu dira.
Programari dagokionean, aste bakoitzean gai bat zehaztu eta horren araberako ekintzak egin dituzte. Lehenengo astean elkar ezagutu eta talde izaera landu zuten. Bigarren astean, euskal jaietan oinarritu eta Euskal Herriko jai ezberdinekin gozatu zuten, Hernanitik mugitu gabe. Besteak beste, egin dituzte: Zeledonen jaitsiera, herri kirolak, erromeria, Mari jaia galduaren bila ibili ziren... Eta noski, urtero huts egiten ez duen San Fermin eguneko entzierro berezia izan zen.
Hirugarren astean, berriz, piraten bizimodua gertutik ezagutzeko aukera izan zuten istorio, jolas eta urtero urtero arrakasta haundia izaten duten ur festa eta altxorraren bilarekin.
Akerbeltz, tartalo, lamia, eguzkilorea, sendabelarrak... mitologia hartu zuten ardatz azken astean eta ikasitakoa borobiltzeko, txikienek sendabelar liburuxka egin zuten, ertainek tailerra eta haundienek lip dup-a. Azken eguneko festan, berriz, Akelarre mundiala.
10 kirol ezberdin,
kirol udalekuetan
Orain dela 8 bat urte hasi zen Udala kirol udalekuak antolatzen, 11-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Adin tarte horietako haurrak aspertu egiten ziren udaleku irekietako jolasekin eta galdeketak egin ostean, kirolekin lotutako ekintzak antolatzea erabaki zen. Eta asmatu dutela esan daiteke.
Aurten, 96 haurrek hartu dute parte eta lau taldetan banatuta, kirol ezberdinak probatzeko aukera izan dute 10 egunetan: herri kirolak, Leitzaranera irteera, orientazioa, errugbia, patinak, boleibola, ur parkea, eskalada, kayak hondartzan eta ginkana.